Eremuak finkatzeko, Erromatarren ohiturei jarraikiz, gure zaharrek besuinetan zedarriak jartzen zituzten. Hirugarren egunekoz Eako itsas ahoaren ezpainak poesiaren belutasun ikaragarriaz urtzen dabiltza, ezin hertsi, ezin josi, ezin kolpatu. Bistan dena mundua bere minekin aitzina doala gu Bizkaian gauden bitartean, elkar ikusentzunez. Ez da arras mundutik kanpo bagina bezala, hemen izanez munduaren sabelean urtuak ere garelakoz. Askotan poetari sortu dezakeena baino gehiago eskatzen zaio, politikariek adibidez eragin nahi ez lituzketen aldaketak eramatea adibidez. Olerkariak, idazleak halaber, beraien zeregina gainjolastera bultzatzen dira, irakurlegoaren oinetan sakrifikatzera. Edo gaurkoan modan dagoen merkatu omnipotentearen aldareetan amiltzera, marche ou crève lanzinantean.
Hori ukanen dut gogoan bereziki Maddi Oihenart eta Jeremi Garat aditzean, black doom gitarrak ahotsa zurkaiztuko duela, Elena Medelen bilaketa gazteleraz segitzean, Natxituko bazkariaren ondotik ez dakikedala zehatz zer egin poema batekin: mailu antzera erabili, harresi eraiki ala berehala oparitu emazte bati amodioaren errateko, maitasun hori aldion zirkunztantzia aringarria baino ez datekeelarik.
Bira
Zedarrie
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu