Aurtengo sanferminek badute kartela. Gaur jakinarazi du udalak lehiaketako irabazlearen izena: Iruñea, argien hiria. La la Land filmari egiten dio erreferentzia irudiak, eta bertan bi erraldoi dantzan ageri dira, atzean Gaztelu plaza inguratzen duten etxeak jendez gainezka daudela.
Aipagarria da kartelean ez direla ageri ez zezenak, ez santua eta ezta kilikiak ere. Orain arte eta azken hamar urteotan horiek izan dira jaietako karteletako protagonista nagusiak. Adibide bat jartzearren, Caravinagre hirutan izan da karteleko irudi nagusia —2012an, 2015ean eta 2017an—.
Beste hirutan izan da protagonista San Fermin bera —2010ean, 2011n, eta 2014an—, eta hirutan, baita ere, zezenak eta entzierroa —2008an, 2011n eta 2013an—.
Adriana Eransusen lanak 2.200 boto jaso ditu; bozketan parte hartu dutenen artean %33,79k egin dute haren alde. Iruñeko herritarrek zortzi lanen artean bat aukeratu behar zuten. Bozketan 6.511 pertsonak hartu dute parte, iaz baino %14,5 gehiagok.
Udalak maiatzaren 14ra arteko epea jarri zuen bozkatzeko. Zortzi kartelak Kondestable jauregian egon dira ikusgai.