ZIENTZIA

'Perseverance' ibilgailua Marterako bidean, bizi arrastoen bila

Gaur hasi da NASAren Mars 2020 misioaren bidaia, Marten inoiz bizirik izan den aztertzeko. AVS euskal enpresak eta EHUk lagundu dute egitasmoan.

Atlas V suziria, 'Perseverance' ibilgailua horretan bidali dute. JOEL KOWSKY / EFE
Oihane Puertas ONA
2020ko uztailaren 30a
14:14
Entzun

Gaur hasi da NASAren Mars 2020 misioaren bidaia. Perseverance ibilgailua bidali dute Martera, han inoiz bizirik izan den aztertzeko. Ibilgailua 07:50ean jaurti dute, Cañaveral lurmuturretik (Florida, AEB). 500 milioi kilometrotik gora egin beharko ditu, Marten 2021eko otsailaren 18an lurreratu arte. 2026. urtean itzuliko da Lurrera.

Misioaren helburua Marten biziaren arrastoak aurkitzea da. Horretarako, Perseverance-k 687 egun inguru pasatuko ditu planetaren gainazalean mikrobioen bizi hondarrak bilatzen. Gainera, oxigenoa sortzen saiatuko da, eta 2026. urtean itzuliko da, Marten bildutako laginekin, Lurrean sakon aztertu ahal izateko. Horrez gain, Ingenuity helikopteroa joango da ibilgailuari akoplatuta, eta hegaldi proba ezberdinak egingo ditu planeta gorrian.


'Ingenuity' helikopteroa, 'Perseverance' ibilgailuaren aurrean.  EFE

Ibilgailua Atlas V suzirian jaurti dute, 07:50ean, Cañaveral lurmuturretik. COVID-19a dela eta, NASAk prebentzio neurriak hartu ditu, eta beste aireratze batzuetan baino langile gutxiago egon dira. Herritarrek, gainera, ezin izan dituzte instalazioak bisitatu. NASAk Ilargian eta Marten bizileku iraunkorrak sortu nahi ditu etorkizunean, eta, Mars 2020 misioarekin, gizakiak planeta gorrian bizi daitezkeen aztertzeko lehen urratsa egingo du.

Euskal laguntzaileak Marten

Perseverance ibilgailuak 1.043 kilo pisatzen du, eta hiru metro luze eta bi metro baino gehiago zabal da. AVS euskal enpresak ibilgailua osatzen duten bi zati egin ditu, eta, horien bitartez, zehatz neurtuko da Marteko haizea.

Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eta NASA ere elkarlanean aritu dira SuperCam kamera berezia garatzen. Kameraren bitartez, Marteko harrien osaketa inoiz baino zehatzago aztertu ahalko dute. EHUko IbeA (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa) taldea kamerako kalibrazioan aritu da lanean; izan ere, taldea aditua da Raman espektrografiaren datuak interpretatzen, eta 2026an planeta gorritik iritsiko diren laginak aztertuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.