Erresuma Batuko 'The Independent' egunkaria 1986. urtean jaio zen, eta 30 urteko ibilbidearen ostean, martxoaren amaieran paperean argitaratzeari utziko dio. Hala iragarri du Evgeny Lebedev komunikabidearen jabeak. ESI Media taldeak azaldu duenez, egunkariko langile batzuk Johnston Press enpresara joango dira lanera; multimedia konpainia bat da Johnston Press, egoitza Edinburgen du, eta Eskoziako hainbat egunkari argitaratzen ditu. Elkarrizketetan aritu dira azkeneko asteetan Johnston Press eta Lebedev, 'The i' kostu txikiko egunkaria saltzeko.
Bestalde, 'The Independent'-ek Interneteko bertsioarekin jarraituko du, eta "bideragarria" dela uste dute taldeko arduradunek. ESI Mediaren arabera, webguneak irabaziak ditu eta 2016. urtean sarrerak %50 handitzea espero dute.