1813ko gertakariak oroitzeko ikurra eta aurrekontua onartu dituzte

Datorren urteko egitaraua osatzeko 90 eragileren 392 proposamen jaso ditu Donostiako Udalak

Erredakzioa
Donostia
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Datorren urtean 200 urte beteko dira 1813. urtean Donostia erre zutenetik. Ekitaldi horiek gogorarazteko lanean ari dira jada hirian. Donostiako Udalak mendeurrenerako proposatutako logotipoa eta aurrekontu muga onartu zituzten atzo batzorde eziraunkorrean. Hala, logotipoan bi datak agertuko dira: 1813 eta 2013. Daten ondoan, Donostia eraikitzen-Construyendo San Sebastian leloa izango da.

Aurrekontuari dagokionez, aurrekontu orokorraren muga milioi bat eurokoa izango da, udal gobernuak proposatu bezala. Horri udal departamentuek bideratuko dituzten diru sailak erantsi behar zaizkio —400.000 euro—.

Datorren urteko egitaraua prestatzeko, 392 proposamen jaso dituzte, 90 pertsona edo eragile eginak. Udala orain horiek aztertzen eta ordenatzen ari da, datorren urterako egitarau oso bat prestatzeko. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak herritarren konpromisoa nabarmendu du: «Partaidetza honi esker, duela bi mende hiria sarraskitu zuen gerra denen artean gogoratzeko, orduko herritarrek hiria berreraikitzearren egin zuten lana aitortzeko eta halakorik berriz gerta ez dadin elkartasuna eta kontzientzia sendotzeko aukera izango da datorren urte osoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.