29 egunen ostean, amaitu da Radio Franceko greba

France Bleu Pays Basqueko langileek mobilizazioekin segituko dutela iragarri dute.Kezka dute, arratsaldeko tokiko saioaren jarraipenagatik

Radio Franceko langileak bilera batean, Parisen. Atzo amaitu zuten greba mugagabea. YOAN VALAT / EFE.
urtzi urkizu
2015eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Bere historiako grebarik luzeena izan du azkeneko hilabetean Radio France irrati publikoak: 29 egun. Langile guztiak euren lanpostuetara itzuliak ziren, ordea, atzo 13:00etarako. Greba luzearen ostean, negoziazio prozesua ere luzea izan daiteke. Zuzendaritzak eta sindikatuek, bitartekari batekin, datozen bost urteetarako norabidea adostu behar dute. Tartean izanen dira kaleratzeak, helburuak finkatzea, eta 21,3 milioi euroko defizitari aurre egin beharra. Tartean, tokiko emankizunetan murrizketa gehiago izateko beldur dira France Bleu Pays Basqueko langileak, et, horregatik, mobilizazioekin segituko dute. «Nahiz eta grebaren amaiera onartu behar izan dugun», adierazi du Iban Etxezaharreta irrati elebidunaren langileak.

Greba hasi aurretik sindikatuek egin zituzten aldarrikapenetan ez da aurrerapausorik eman, Etxezaharretaren aburuz: «Enplegu galerak segituko du. 380 lanpostu inguru kenduko dituzte». Ez da kontu berria, baina irailean arratsaldeko tokiko programak ken ditzake Radio Francek. «Horren kezka dugu». Euskaraz bost minutuko elkarrizketa bat entzuten da irratian arratsaldero (18:05), eta 45 minutuko euskarazko magazina izaten da gero, 18:15etik 19:00etara; horiez gain, goizean zuzeneko berri sailak euskaraz ematen dituzte, 06:40ean, 07:40ean eta 08:40ean. Baita beste pieza batzuk ere.

Tokikoak egitura txikiak izanik, lanposturen bat kentzeak «galera handia» ekarriko lukeela uste du Etxezaharretak. «Ordezkapenetan ere murrizketa handiak izan ditugu azkeneko urteetan. Horren ondorioz, adibidez, datorren astean ez da euskarazko zuzeneko berrisailik izanen».

Grebatik ondorio baikorrak ere atera direla nabarmendu du Baionako egoitzako langileak: «Tokiko egoitzetan asko mobilizatu gara, eta ez dugu langileen artean zatiketarik izan. Etorkizunean, saiatuko gara France Bleukoen artean mobilizazio egun komunak antolatzen». Mobilizazio moten artean aipatu du Parisko egoitzatik eskatutako erreportajeak ez bidaltzea, «kontratuetan ez baitaude jasoak».

Urdin Euskal Herri izeneko elkarte bat sortzeko aukeraz ere mintzatu da Etxezaharreta, «entzuleekin batera ekimenak antolatu eta aldarrikapenak plazaratzeko».

Paristik etorriko diren urratsekin adi daude Baionan. Ez dakite kaleratzeak non izango diren. «Baina greba historiko honen ostean, ez dira hasiko segidan neurri oso zorrotzak hartzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.