Ezarian

80ko hamarkada iruditan

'Kinkiak 80ko hamarkadan. Zinea, prentsa eta kalea' erakusketa zabaldu dute Bilbon, Alondegian. Han, 1970eko eta 1980ko urteetako gizartearen isla ikus daiteke, gaizkile txikiei buruzko zinemaren abiapuntutik.

Gaizkile txikiei buruzko zinemagintzako hainbat kartel daude erakusketan. Tartean, El Vaquilla aktoreak erabili zuen berokia. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Erakusketa ez da gaizkile txikiei buruzkoa, euren inguruan sortu den mitifikazioari buruzkoa baizik», dio Amanda Cuestak, Kinkiak 80ko hamarkadan. Zinea, prentsa eta kalea izeneko erakusketako komisarioetako batek. Gaizkile gazteen presentzia nabaria izan zen aurreko mendeko 70eko eta 80ko hamarkadetan, eta kalean bizi ziren pertsona horien figura zineman eta prentsa idatzian asko erabili zen. «Nolabait esan daiteke zinemak eta prentsak ez diela utzi gaizkile txikiei hiltzen, mitifikatu baitituzte», Cuestaren hitzetan. Pertsonaia horiek abiapuntu eta ardatz gisa hartu dituzte Amanda Cuesta eta Mery Cuesta komisarioek, 80ko hamarkadan izan zen krisiaren eta oraingoaren arteko hausnarketa egiteko. Izan ere, «gaur egungo krisia duela 30 urte izan zena baino larriagoa baldin bada ere, azpiegitura gehiago dauzkagu, eta gizarte laguntzen babesa ere hor dago», Cuestaren hitzetan. Horregatik, komisarioak uste dugarrantzitsua dela egoera zail honetan gizarte laguntzak ez galtzearen inguruko hausnarketa egitea.

Gaizkile txikien testuingurua jaso dute Bilboko Alondegian urtarrilaren 8ra arte zabalik egongo den erakusketa batean, eta gaia jorratzeko abiapuntua zineman jarri dute komisarioek. «Garai hartako film horietan, erakusketan zehar azaltzen diren zantzu ugari ikusi ahal dira», Cuestak azaldu duenez. Garai horretan, gaizkile txikien zinema deritzon generoa sortu zen, «zinema akademiak generotzat hartzen ez duen arren». Genero horrek, ordea, kalean bizi ziren gazte horien bizipen eta abenturak kontatzen zituen, sexua eta droga era esplizituan erakutsiz. Sekulako sona izan zuen zinema horrek. Horrenbeste, non 1978. eta 1985. urteen artean 30 film inguru estreinatu baitziren Espainian, Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan, «garai hartako egoera sozioekonomikoaren nondik norakoak azaltzeko».

Bazter auzoetako bizi zaila

70eko eta 80ko hamarkadetako testuinguruan kokatzen hasteko, gaizkile horien bizilekuak eta filmatzeko guneak aztertu dituzte erakusketan: hiri handietako auzoak. Bertan, Madril, Bartzelona eta Bilboko aldirietako auzoetako bereizgarri komunak ekarri dituzte. «Auzo horiek sortu ziren unean bertan arazo urbanistiko ugari zeuzkaten», azaldu du Cuestak. Landatik hirietarako lekualdatze masiboa gerta zedin, etxebizitzen eraikuntza izugarri hazi zen, ezinbesteko hainbat azpiegitura alboratuz. Auzo horiek apenas zeukaten argiteriarik, estolda sistemarik, parkerik eta osasun etxerik.

Bilbon Otxarkoaga auzoa da erakusketan ikusi ahal diren ereduetako bat. «70eko hamarkadaren amaieran, hango auzokideak zerbitzu duinak eskatzen hasi ziren, eta auzotar mugimendu handia sortu zen», eta etengabeko protesten ondorioz, herritarrentzako Bilboko lehen zentroa Otxarkoagan jarri zuten, 80ko hamarkadaren amaieran.

Egoera horri guztiari egoera ekonomiko zaila gehitu zitzaion, langabezia tasa altuarekin, batez ere gazteen artean. «Belaunaldi horretan apenas zegoen itxaropenik», Cuestak azaldu duenez. Horri guztiari eskolaratze tasa apala gehituz gero, errazago uler daiteke gazteak kalean egoteko arrazoia.

Orduan, aisialdirako bitarteko berriak agertu ziren. Kultur arloan, musika, diskotekak, komikiak eta gazteen moda agertu ziren, besteak beste. Baina hori aisialdiaren ikuspegi positiboena zen, berarekin batera agertu baitziren drogak, eta bereziki heroina. Horren guztiaren ondorioz, delinkuentzia tasak izugarri egin zuen gora, «eta egoera horretan filmak egiteko gaia topatu zuten hainbat zinemagilek», Cuestaren hitzetan.

Aisialdi kulturalaren eta drogaren eragina ere bildu dute komisarioek erakusketan. Esaterako, garai hartako hainbat binilo edo jokoak ere ekarri dituzte Alondegira. Filmetako hainbat eszenak eta azalek ere drogaren arazoa gizarteratu zuten, eta horiek ere topatu ahal dira Kinkiak 80ko hamarkadan. Zinea, prentsa eta kalea erakusketan.

Gaizkile txikien izarra

Film horietan kaleko bizitza erakusten zuten, desegituratutako familiak eta lapurretak egiteko moduak. «Tiratuta poltsak lapurtzeko metodoa, esaterako, gizartean zabaldu ziren filmetan agertzearekin batera. Era horretan, gazteek euren bizimodua egiteko adina diru lortzen zuten», azaldu du Cuestak.

Prentsa sentsazionalistak eta gaizkile txikien pelikulen ugaritzeak kaleko gazte horien figura izar bihurtzeraino eraman zuten. Erakusketan ere horietako hainbat adibide daude, gaizkileen ekintzak azaltzen dituzten prentsatik hasi eta euren egoera azaltzen duten bazterreko prentsaren hainbat eredu ekarriz.

Eta, mitifikazio horretan, delinkuentziaren gorakada izugarria izan zen, orduko erakundeen baliabideak txiki geratzeraino. «Adingabeak helduen kartzeletara bidaltzen zituzten, han lan egiten zuten funtzionarioak faxistak ziren garaian», Cuestak azaltzen duenez. Kartzelan zegoen belaunaldi hori ziegetan arazo politikoengatik espetxeratuta zeuden pertsonekin bizi izan zen, «eta klase kontzientzia hartzen hasi ziren horietako asko». Horren ondorioz, garai batean auzoetako protestak izan zirenak kartzeletan ere izan ziren beste hainbat. Eta era horretan lortu zuten kartzeletako egoera hobetzea. Atal hori biltzeko, kartzeletan egondako hainbat pertsonaren testigantzak bildu dituzte erakusketan.

Kartzeletako egoera eta protestarekin amaitzen da erakusketa, baina aurretik, gaizkile txikien mitoak egun miresmena sortzen jarraitzen duela erakusten duen margo bat dago. Getafeko elizako fresko bat, hain zuzen ere. Izan ere, han agertzen den azken afarian, Jose Luis Manzano gaizkile txikien filmetako aktorearen aurpegia du San Joan Bataiatzailearen margoak. «Gaizkile txikiaren figura mistifikatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.