80ko krisia landuko dute Alondegian, egungo egoeraren azterketa egiteko

Hitzaldiak, orduko egoeraren erakusketa eta sormen tailerra eskainiko ditu Kalearen Garrasia zikloak

Raquel Esparza, Marian Egaña eta Mery Cuesta, atzoko aurkezpenean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko urriaren 15a
00:00
Entzun
«Kalearen Garrasiak mezu garbi bat helarazi nahi du: kaleari ez zaio beldurrik eduki behar, kalea entzun egin behar da», azaldu du Marian Egaña Alondegiko kontseilari nagusiak. 70eko eta 80ko hamarkadetako mugimendu sozial, politiko eta kulturala aztertuko dute, eta urriaren 28tik urtarrilaren 8ra arte egongo da zabalik. Baina azterketa hori ez da atzera begirako ekintza bat bakarrik izango; izan ere, «egungo krisi egoeran sakontzeko balioko du», Egañak adierazi duenez.

Iraganeko krisialdiaren azterketa hori egiteko, Kalearen Garrasia zikloak hainbat eztabaida saio eskainiko ditu, alor ekonomiko, sozial eta kulturalak jorratuz. «Eztabaida politiko eta soziala poliedroaren alde berean dago, eta kulturala laster etorriko da», azaldu du Egañak. Izan ere, korronte kulturala egoera politiko eta sozialaren ondorio moduan ikusten du, «Barricada, Eskorbuto eta beste zenbait musika talde egoera zail bati erantzuteko sortu ziren bezala, ziur nago orain gauza bera gertatuko dela».

Testuinguru ekonomikoa lantzen hasteko, Miguel Boyer Espainiako Ekonomia ministro ohia eta Mario Fernandez BBK-ko presidentea izango dira azaroaren 7an Hazkundeko eredu eta/edo ekoizteko eredu bat. Etorkizuna bizitzeko gako berriak izeneko hitzaldian. Hurrengo egunean, Claudio Aranzadi Espainiako Industria eta Energia ministro ohiak eta Diego Azqueta ekonomia analisiaren oinarrietako Alcalako unibertsitateko katedradunak Hazkundearen alderdi ekologikoa landuko dute. Alor ekonomiko eta politikoa ere landuko dute beste hitzaldi batean. Gizarte gaietan, berriz, espetxe politika eta bergizarteratzearen, droga mendekotasunaren eta gaizkileak ikono gisa irudikatzearen inguruko hitzaldiak eskainiko dira azaroan. Kultura arloko hitzaldietan, azkenik, krisialdiek kulturan duten eragina aztertuko dute.

80ko kinkiak erakusgai

Iragan den mendeko hamarkada zail horiek ulertzeko, beste ikuspuntu bat topatuko du zikloak zineman. 80ko hamarkadako kinkiak: zinema, prentsa eta kalea izeneko erakusketak 1979 eta 1985 bitartean gailurrean egon zen zinema kinkia aztertuko baitu. Urte horien artean genero horretako 30 film egin zirela zehaztu du Mery Cuesta komisarioak, nahiz eta ez dagoen genero propio moduan onartua. Hala ere, bereizgarri zehatzak dauzka, gazte labanadunak agertzen baitira bertan, eta garai hartako auzo marjinaletako gazteen egunerokotasuna kontatzen du. «Askotan errealitateak eta fikzioak ez zeukan mugarik, bizitza errealean aktore moduan ibiltzen ziren gazte horiek ere gaizkileak baitziren, eta horrek genero honi magia handia ematen dio», Cuestaren hitzetan. Erakusketak film horiei begiratu bat eskainiko die, eta orduko prentsan auzoetako kinki horiek izan zuten zeresana bilduko du baita ere.

Erakusketaz gain, sormena ere landu nahi dute Kalearen Garrasia zikloan, eta, horretarako, remake tailerra jarriko dute azaroko larunbat guztietan. Bertan, jantziak diseinatzeko hainbat zertzelada eskainiko dituzte Aran Azkarate eta Andres Iglesias diseinatzaileek. Horretaz gain, La Venta de Borja taldearen kontzertua izango da urriaren 28an inaugurazio gisa, eta fanzine bat banatuko dute 80ko espirituari fidel eutsiz. Gaur egungo krisi globala aztertzeko balioko du horrek guztiak, iragan den mende amaierako krisialdiak hainbat ikasgai eskaini baitzituen, Egañaren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.