Maratila

AAA

Xabier Etxaniz Rojo.
2011ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Berehala, emaztea etxeko atarian ikusi bezain pronto, sumatu zuen AAAk zerbait ez zebilela ondo. «Horrelakoak dira berri txarrak —otu zitzaion AAAri—, egongelako besaulkian zain geratu beharrean zure enkontrura ateratzen dira».

Egun hartako berri txarrak, ordea, diosala egiteaz gain, ostikada ederra eman zion barrabiletan.

— Laztana, Standard & Poor's-ekoek deitu dute. Zure zorraren kalitatea jaistea erabaki dutela diote!

AAAk ezin zuen sinetsi. Nola liteke? Bizitza osoa lanean zor txukun bat izateko —hipoteka mailegua, Audi A8-rena, Karibera joateko eskatutakoa— eta, bat-batean, zer eta bere zorra ez zela parte onekoa zioten Standard & Poor's-eko alu haiek! AAA hutsaren hurrengo sentitu zen, biluzik, dena lapurtu izan baliote bezala, edo are, sute batek bizitzan ereindako guztia kiskali izan balio bezala. Zer-nolako pertsona zara zure zorra kalitatezkoa ez bada? Ez zara ezer. Ez zara inor.

Zure zorra zara edo ez zara.

Kolpe sumin bat eman zion ateari. Nortzuk ziren Standard & Poor's-eko kabroi horiek jendearen bizitzarekin era maltzur horretan jokatzeko? Jainkoak, akaso? Noren aginduz,noren agindupean lan egiten zuten horiek? AAA zorabiatu zen.

Haatik, artean iristeke zegoen okerrena.

— Esan dutenez, jada ez zara AAA, maitea. Orain… orain BB++ zara.

BB++!!

Kolpeak zabuka utzi zuen AAA eta, BB++ bihurturik, negarrari eman zion, era patetiko samar batean.

Zabor bonu bati dagokion gisan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.