Kezka batek bultzatuta sortu dute Euskarabentura egitasmoa: euskararen erabilerak. "Euskararen ezagutza mailak gora egiten du, baina erabilera mailak ez du gora egiten neurri berean". Iker Goñi Euskarabenturako antolatzaileak eman du azalpena gaur goizean Iruñean eskaini duten prentsaurrekoan. Hala, nerabeentzako espedizioa antolatzea erabaki dute. Helburu nagusia euskara sustatzea bada ere, badira beste helburu batzuk tartean: euskal gazteen sarea osatzea, herriaren ezagutzan sakontzea –historia, geografia, kultura...– eta balio positiboetan oinarritzea –genero ikuspegia, inguruarekiko errespetua...–. Espedizioak Euskal Herriko eta diasporako 120 gazte bilduko ditu uztail osoan Euskal Herriko luze zabalean eginen den jardueran.
Parte hartzaileak 2001. eta 2002. urteetan sortutakoak izanen dira, eta euskaldunak. "Euskal Herriaren lagina izatea nahi dugu, beraz, biztanleriaren batez bestekoak egingo ditugu", azaldu du Goñik. Izena emateko epea zabalik da martxoaren 18ra bitarte, eta Euskarabentura.euswebgunearen bidez egin behar da. Izena emateko motibazio gutun bat idatzi beharko dute gazteek, eta lan bat aurkeztu. "Lana egiteko gaiak orokorrak dira, eta azpigai asko izan ditzakete. Proposamen batzuk daude webgunean, baina nahi dugu jendea originala izan dadin", azaldu du Irati Labaien Euskarabenturaren antolatzaileak. Gaiak honako hauek dira: euskara eta zure herria; euskara eta emakumeak; eta euskara eta itsasoa. Historia, literatura, plastika, musika eta ikus-entzunezko lanak onartuko dituzte. Parte hartzaileen zerrenda apirilaren 16an argitaratuko dute.
Euskal lurralde osoan barna
Egitasmoa ez da toki bakarrean eginen. Maulen hasi eta Getxon (Bizkaia) bukatuko den espedizio nomada bat da Euskarabentura. Euskal Herriko zazpi hiriburuetatik igaroko da, eta Unescok gizateriaren ondare izendatutako tokiak ezagutuko dituzte bertan parte hartuko duten gazteek. Uztailaren 1ean, nor bere herrialdean hartuko dute autobusean, eta denak Maulera eramanen dituzte. Done Jakue bideari jarraikiz, Donibane Garazi eta Iruñea bisitatuko dituzte, Vianara (Nafarroa) ailegatu arte. Han, autobusa hartu, eta Donemiliaga Kukulara (Errioxa, Espainia) abiatuko dira euskarazko idazki zaharrenak ikusteko. Añanako gatz haranatik (Araba) Txingudirako kilometroak Donejakueren barneko bidea hartuta eginen dituzte. Baiona, Donostia eta Bilbo kostaldeko bideari esker bisitatuko dituzte, baita Atxerri, Ekain eta Santimamineko leizeak ere. Bizkaiko zubian bukatuko da espedizioa.