Abereak soroko lanetara

Azken urteotan, baserriko lanetarako makinek animaliei gaina hartua badiote ere, nekazari txikiak lehengo usadioetara bueltatzearen aldeko apustua egiten hasiak dira.

Añuan izandako ikastaroan, nekazari ugari bildu zen animaliaz tiratutako teknika ikastera. BIONEKAZARITZA ELKARTEA.
Gasteiz
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Aspaldiko zuri-beltzeko argazki bihurtu dira animaliaz tiratutako goldearekin soroan aritzen zireneko lan haiek. Astoaren, mandoaren, idiaren eta behiaren lekua hartu dute azken urteotan traktoreek. Hala ere, geroz eta gehiago dira antzinako ohituretara bueltatzen ari diren nekazariak.

Ekoizle edo nekazari txikientzat animaliaz tiratutako lanabesak erabiltzea ekonomikoagoa da, traktoreak erabilita baino inbertsio «askoz» txikiagoa egin behar izaten baita. Baratzegintza ekologikoan dabiltzan nekazarientzat ere onuragarriagoa izaten da animaliez baliatzea, makina handiekin egiten zaion kaltea baino txikiagoa egiten baitzaio lurrari.

Europa aldean traktoreek kendutako lekua berreskuratzen ari dira jada animaliak, baita Euskal Herrian ere. Arabari dagokionez, duela hilabete batzuetatik zenbait sorotan abereak ikus daitezke La Kassine makinari tiraka. Juan Mari Pagaldai eta Ramon Roa dira, astoa lagun, lehengo usadio berrituetara bueltatu diren nekazarietako batzuk.

Teknika zaharberrituaren interesaz jabetuta, urrian, Añuan (Araba) nekazari txikientzako ikastaroa antolatu zuten Bionekazaritzakoek. Arabako Nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa sustatzen duen elkarteak bideratutako ikastaroetan hainbat herrialdetako nekazariak izan ziren. «Arrakasta ikaragarria izan zuen; 20 lagunentzako prestatua zen, eta 50 pertsona aukerarik gabe geratu ziren. Horrek datorren urtean ere antolatzeko beharra dagoela ikusteko balio izan zigun», Nerea Idigoras Bionekazaritzako bozeramailearen ustez.

Makina zaharberritua

Ikastaroan, Frantziatik etorritako hizlariak izan zituzten. Arjelian, Ukrainan eta Frantzian erabiltzen hasi diren La Kassine makina ezagutarazi, eta animaliez tiratutako nekazaritzaren garrantziaren berri emateko. Prommata nekazaritza elkartetik etorritako Jo Ballade izan zuten irakasle lanetan.

Lanabes berritzaile hau, Jean Nolle nekazaritza ingeniariak 1988an sortutako El Kanol goldetik eratorria da. Prommata elkarteak eraldaketak egin ondoren, baratze askotan martxan dabil jada lanabesa.

Gaur egunera egokitutako antzinako makina berritzailea «oso» baliagarria da neurri txiki eta ertaineko, 4 eta 5 hektareako, soro eta baratzeetan lan egiteko. Goldetu, irauli, hazia erein, lurrean egin nahi den lanaren arabera, lanabes desberdinak jartzen zaizkio La Kassineri, «kalitate altuko lana egiten du lurrean», Idigorasen arabera.

Bionekazaritzakoek azaldu bezala, «traktorea baliagarria da nekazaritza lanetarako; baina zenbait lan egiteko, animaliak egokiagoak izaten dira. Bien arteko bateratze bat gertatzea izango litzateke onena».

Animaliak lurreko lanetara bueltatzea askori atzerapausoa irudituagatik, Bionekazaritzakoen ustez, «aurrerapauso handia da. Aurreko belaunaldietako nekazariek erabiltzen zituzten teknikak eta zekiten guztia berreskuratzea garrantzitsua da. Ahal den neurrian, egungo teknologiekin hobetuz, ohitura zaharrei eutsi egin behar diegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.