Bosgarren urtea beteko du aurten Lurramak, Euskal Herriko Laborantza Ganbera oinarrian daukan Baionako feriak. Urtez urte metatu esperientzia baliatuz, beti eta trukaketa hobea ekartzeko asmoarekin etorriko da urriaren 29an. Baionako elkartetxean jarri, eta hor egonen da 31 arte. Hiru egunez 8.000 metro koadroko eremua bereganatuko du.
Beti hor, urteroko arrakasta segurtatzen duten baserriko kabalen karpa, mintzaldiak, tokiko mozkinen merkatua, baita bazkari eta afari tematikoak. Aurten Perigord eskualdea da gomita, eta hango mozkin biologikoekin osatu afaria prestatuko dute hango ordezkari Franck eta Michele Jubily sukaldariek.
Guztia lotuko duen gai nagusia elikadura da. Janari ona, sanoa eta tokikoa zer den azaltzeko giltzak eman nahi ditu aurten feriak. Mintzaldien artean izanen du oihartzun gehien gaiak. Hala nola 30eko mintzaldi nagusia minbizian berezitu Dominique Belpomme medikuak hitz egitekoa duen janaria eta osagarriaren arteko loturaz, bereziki pestiziden arazoa jorratuz. Belpomme da, hain justu, aurtengo aitabitxia. 29an, berriz, 2013ko Europako Laborantza Politikaren erreforma izanen dute eztabaidagai Stephane Le Foll eta Jose Bove eurodiputatuek.
Oro har, laborari eta artzainek bizi kezkak eta gauzatzen dituzten aterabideak zuzenean elkarrekin hausnartzekoa eman nahian dago feria aldi honetan ere. Aurkezpenean Maryse Cachenaut Lurramako lehendakariak erran bezala, hasieratik ohartuak baitira trukaketa horren inportantziaz: «Hiritarrengana hurbiltzea garrantzitsua da haientzat, ez baita beti hain erreza etxaldeetara joatea». Argi dute, laborantza gizarte osoari irekitzea beharrezkoa da: «Beharrezkoa da ekoizle eta kontsumitzaileen artean lotura azkartzea, laborantza herrikoi eta iraunkor hori zer den azaltzea, bien arteko osagarritasuna bultzatzea». Horretarako, laborantza klase horren erakusleiho bada Lurrama, baina hori baino gehiago ere izan nahi du. Bertaratuko den jendea parte hartzera gonbidatzen du. Galderak, dudak eta ideiak partekatzeko leku bezala aurkeztu du feria Cachenautek. Eta, horretarako, lehen aldiz, hain justu, sukaldaritza tailerrak proposatuko dituzte ekoizle eta kontsumitzaileen artean, «sukaldariak bitartekari ezin hobeak baitira», Cachenauten hitzetan. Egunero segitzen ahalko dira, elikadura katearen promozioa helburutzat daukan AAPrA elkartearen laguntzaz. Sukaldari gidarien artean, Miarritzeko Philippe Lafargue eta Hazparneko Arnaud Daguin, besteak beste.
Hori eta gehiago prestatu dute, beraz, Lurramarako. Iaz bezala, 25.000 bisitari inguru espero dituzte. Eta 600 laguntzaile. Hortaz, laguntzen aritzeko izena eman nahi duenak, preseski, www.lurrama.com gunean informazio guztia aurkituko du.
Abereek hiriari, bosgarren bisita
Jateko ona, sanoa eta tokikoa zuzenean gozatzekoa emanen du Lurramak urriaren 29, 30 eta 31n, Baionan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu