Gero eta nabarmenago ikusten dut Internetek eskaintzen duen informazio zabal eta mugagabe horren sinesgarritasunaren arriskua. Zer da egia eta zer erdi-egia edo gezurra? Zer da serioa eta zer txantxa?
Kontsumismoari buruzko informazio bila, ustekabean kontsumitzaileen jokabidearen inguruko ikerketa baten ondorioak irakurri ditut. Flipatuta geratu naiz. Ikerketak dio z hizkiaz hasitako abizena dutenek a-z hasitakoek baino bizkor eta grinatsuago erosten dutela. Ein? R-tik z-rako abizenekoak zer edo zer erosteko aukeraren aurrean azkarrago ibiltzen direla?
Ikertzaileek abizen efektu gisa aurkeztu duten aurkikuntza bitxiaren arabera, jokabide horren arrazoia haurtzaroan mundua antolatzeko moduan datza. Alegia, Zamora, Zozaia eta Zalakain, txikitan zerrenda eta ilara guztietako azkenak izanagatik, hau da, azken putzak, heldutakoan, ez dute atzean geratu nahi, eta besteak beste, ahalik eta azkarren erosten saiatuko dira. Agirrek eta Azurmendik, berriz, txikitako zerrendako liderrek, gutxiago erosteaz gain, erosketok lasaiago egingo dituzte.
Sinetsi ala ez, oso ondorio interesgarria omen da saltzaileentzat. Izan ere, haientzako abantaila garrantzitsua baita datu-baseetan azken putzak bilatu eta zera, momentuko eskaintzak zuzenean Ruiz eta Zumetari bidaltzea, Ariztondo eta Beitia bakean utzita. Eta nik sinetsi behar?
Agian, hobe nuke, ikerketaz barre egin baino, gauza hala den frogatzea. Horixe, bihar bertan Alkain eta Sorondo deituko ditut, eta muñoztar honekin batera Garberara joatea proposatuko diet. Ea zein den kontsumitzaile azkarrena. Tira, tira…
Maratila
Abizen efektua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu