Santiago Ospitaleko larrialdi zerbitzuak lan eskerga izan du Gasteizko jaietan, batez ere hasieran. Abuztuaren 4ko 15:00etatik hilaren 5eko gauerdira arte 253 pertsona pasatu ziren bertatik. «Oso gogorra izan zen», gogoratu du Ana Diaz de Sarralde medikuak.
Jaietako azken eguna denez, lasaitua hartuko duzue, ezta?
Bai, bai. Jaiak amaitzen direnean, denek dakite hurrengo egunean benetako larrialdiak baino ez direla etorriko. Bizitza lasaiagoa da, eta biztanle asko oporretara doaz. Larrialdietan izugarri nabaritzen dugu. Azken egunetako erritmoa lasaitu egiten da, eta langileok atseden apur bathar dezakegu.
Jaiak bukatzen direnean benetako larrialdiak direla esan duzu...
Tira, jaietakoak ere larrialdiak dira, baina larrialdi traumatologikoak dei ditzakegu: gehiegi edan dutenak, beira batekin ebaki bat egin dutenak, irrist egin eta orkatila bihurritu dutenak... Hemendik aurrerakoak larrialdimedikoak izango dira: urdail-zulaketa... Adibide argigarria da. Jaietan, askoz pertsona gehiago etorri arren, ez daude ospitaleratu gehiago; datuak betikoak dira.
Beste urte batzuetako jaiak ezagutu dituzu. Nola baloratzen dituzu aurtengoak?
Abuztuaren 4a eta 5a oso gogorrak izan ziren. Agian, egunez mugimendu gutxiago izan dugu, baina gauak oso gogorrak izan dira. Lan handia, ebakiak, liskarrak, gazte jende asko, alkohola...
Azken egunetako beroak inolako eraginik izan al du?
Ez, uste dut beroaren ondorioz gertatutako larrialdirik ez dugula izan.
Nola antolatzen zarete horrelako egunei aurre egiteko?
Abuztuaren 4ko gauean eta 5ean gauez eta egunez, erizaintza departamentutik langile gehiago bideratzen dira. Jarduna mantendu behar da, eta heltzen diren larrialdiei erantzun. Horretarako, aurretik heldu direnak azkar bideratu behar dituzu, eta, horretarako, langileak behar dira.
Nola egiten duzue hori?
Hilaren 4an, adibidez, lau bulego erabili ziren josturak egiteko. Mediku batek esan zidan gau osoa eman zuela josten, mediku egoiliar batekin batera. Ebakiak, haginkadak...
Haginkadak?
Pertsona bat bere onetik kanpo dagoenean horrelakoak gertatzen dira. Borrokan hasi eta... Tira, hori da nik pentsatzen dudana behintzat. Ondorioak ikusten ditut, ez nola gertatzen den zauria.
Santiago Ospitaletik ehun metrora izaten da jaia. Bereziki nabaritu al duzue?
Jende asko dator hona, baina Txagorritxu ospitalean ere lanez gainezka izaten dira. Dena den, jaietako lekuaren ondoan egonda, pertsona gehiago dator hona.
Nolako jarrerarekin dator jendea?
Alkohol gehiegi edan dutenak pozik etortzen dira. Intoxikazioa pasatzen zaienean, edo zerbait eman diegunean hori bizkortzeko, egoera ezberdina da... Ebakiekin jendea oso ikaratuta dator, ez dakielako zein den larritasuna.
Nola uztartzen dira jaiak eta lana?
Jaietan murgilduta egotea gustuko dugu, eta giroarekin disfrutatu. Dena den, ondo baino hobeto dakigu burua neurtu behar dugula. Nire ustez, jendeari ez dio axola jaietan lan egitea, eta barneratzen du horrela izan behar duela: alkohol gehiegirik, neurriz kanpoko jokabiderik gabekoa... Gainera, batzuek ez dute ezta ateratzeko indarrik ere.
Zergatik?
Gaueko hamar orduko txanda egiten duenak eguna lotan ematen du, lur jota. Gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte daude lanean, pentsa. Ehuneko ehunean ez bazatoz, beste norbaitek hartu behar du zure ardura, eta hori ez da zuzena. Hona ezin duzu lanera %50ean etorri.
Jaietan ibiltzeko denbora duzunean, zer gustatzen zaizu gehien?
Su festa asko gustatzen zait, eta ahal dudan guztietan joaten naiz. Lagunekin afaltzea gustatzen zait, eta paseo bat egitea. Dena den, ohiko lekuetara joaten saiatzen naiz: barrakak, Aihotz plaza, Andre Mari Zuriari bisita, berbena, umorearen txokoa...
Ana Diaz de Sarralde. Larrialdietako medikua
«Abuztuaren 4an lau bulego erabili ziren ia etengabe josturak egiteko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu