Komunikazioa. Ekografiak

Adibide bat

Jokin Labaien.
2011ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Ezin da diagnostiko bat egin telebistako erreportaje bat oinarri hartuta, baina baietz esango nuke». Hala erantzun zion psikologo batek asteazkenean Las mañanas de Cuatro saioko aurkezleari. Mari Luz Cortesen hilketaz ari ziren. Haren ustezko hiltzaileaz, Santiago del Valle delakoaz. Aurrez erreportajea eman zuten, eskizofrenia duela iradokiz. Betiere iradokizuna baieztapenean oinarritu eta haren bizitzako gertakari ilunak argudio gisa hartuz.

Erratuek erratzera bideratzen gaituzte, eta gu erori egiten gara. Gauza bakoitzak bere izena behar du. Desegokia jarri badiote aldatu egin beharko da. Eta izanari dagokion izenarekin funtzionatuko dugu. Hau da, sofa sofa da; telebistako mandoa telebistako mandoa; platoa platoa; kazetaria kazetaria; telebistako saioa telebistako saio den moduan. Ez beste ezer. Eta hala funtzionatzen hasi behar genuke, bestela galduta gaude. Eta galduta jarraituko dugu, noski. Epaiketak, auzitegietan egin behar baitira. Telebistako saio batean emango den erreportajearen atzean, kazetariak, kamerariak, aurkezleak, zuzendariak eta, asko jota, bekadunak daude. Ez dira medikuak, psikologoak, epaileak, abokatuak ala munduaren salbatzaileak. Jakintzat ematen dugu hori. Ez al zaigu, ordea, ahazten sofan eseri eta telebistari begira gaudenean? Nik ez dakit nor zen Mari Luz Cortes. Ez dakit zer gertatu zen. Ez dakit Santiago del Vallek hil ote zuen, eskizofreniak jota ala jo gabe. Dena den, barruak esaten dit hiltzailea Santiago del Valle izan daitekeela. Aurrez ere jokabide okerrak izan dituela baitakit. Ondorioa ez dut neure kabuz sortu. Albistegietan eta Las mañanas de Cuatro bezalako saioetan seinalatu didate hatzez. Ez didate aukerari eman neure kabuz, neure juzkua sortzeko. Ez ditut datu objektiboak jaso: testuingurua, gertakizun jakinak, zantzuak, aukera posibleak... Eta erori egin naiz ni ere. Hain zuzen, asteazkenean deitu zuten psikologoa erori zen bezala. Bazekien, ez dela zuzena telebistako erreportaje batean oinarrituta diagnostiko bat ematea, ustezko hiltzaileak eskizofrenia ote duen baieztatzea.Aitortu egin zuen bozgora. Hala ere, aurrera egin eta bere iritzia eman zuen. Ez baitzuten deituko bestela. Jakina, hark egin ez balu, beste norbaitek egingo luke. Horretarako, nor hobe norbera baino.

Gaurkoa ere adibide bat baino ez da. Beste bat gehiago, baina ez da anekdota bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.