Ezarian. Ekologia

Adimena, ekologiaren mesedetan

Adimena bizitzako alor guztietara zabalduz, Bioterra azokak ingurumena babesteko produktuen erakusketa eskaintzen duEkologiaren inguruan hainbat hitzaldi izango dira. Gaur amaituko da azoka

Produktu naturalekin egindako elikagaiak dastatu eta eros daitezke Bioterra azokan. GARI GARAIALDE/ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Irun
2011ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Irungo Ficoba erakustazokak egunotan hartzen duen Bioterra ekologiako azokan hainbat sektoretako enpresa eta partikularren erakusmahaiak ikus daitezke. Ikusgai dauden produktu eta asmakizunek ezaugarri berbera dute elkarrekin: ekologia. Azoka banatuta dagoen hiru pabiloiak zeharkatzean, ingurumena abiapuntu eta jomuga duten produktuak ikus eta eros daitezke.

Azoka banatzen den hiru areto handietatik lehenengoan sartzean, eraikuntzarekin zerikusia duten produktuak azter daitezke. Etxe bat eraikitzerakoan ingurumenaren babesa kontuan hartu nahi bada, derrigorrezkoa da erakusmahai horietatik igarotzea.

Txema Garcia Biofire enpresakoa da. Azokan sartu bezain laster ikusten den lehenengo erakusmahaian dago. Tximiniak egiten ditu Biofire etxeak, baina ez edozein etxeetan ikus daitezkeenak bezalakoak. Zeramikazko tximiniak dira. Ohiko tximiniak airea berotzen du; tximinia ekologikoak, berriz, erradiazio bidez egiten du lan hori. Ordubetez sua piztu, eta zeramikak beroa xurgatu eta pixkanaka botatzen du, etxea ordu luzez girotuz. Abantailak agerikoak dira. Energia aurrezteaz gain, ez du ia errautsik botatzen. Gutxik erosi duten arren, gustura azaldu da azokak produktuak erakusteko ematen dion abagunearekin.

Etxe ekologikoak

Pabiloi bereko erakusmahaiek bioeraikuntzaren alorra jorratzen dute. Esaterako, Errenteriako (Gipuzkoa) Ekain etxeak energia berriztagarriak erabiltzeko sistemak instalatzen ditu. Halaber, beroa gordetzen duten teilatuak, termikoki isolatzen duten leihoak, sukalde ekologikoak... nola funtzionatzen duten ikus daiteke. Etxebizitzen energia kontsumoa aurrezte aldera garatutako asmakizunak dira, epe laburrera ingurumena errespetatzen duten etxe jasangarriak altxatzea bideragarria eta merkea dela erakusten dutenak.

Lehenengo pabiloiko erakusmahaiek eskainitako kontzeptuak barneratzeko aukera baliatu daitekeExhibitor's Corner gunean. Azokan parte hartzen duten enpresek proiektore baten laguntzarekin euren produktuak publiko zabalago bati azaltzeko erabiltzen dute gune hori. Bisitariari, berriz, azalpenak entzun bitartean aulkietan eseri eta atseden hartzeko abagunea eskaintzen dio.

Bigarren pabiloian nekazaritza ekologikoko elikagaiak, kosmetika eta ehungintzako produktu naturalak aurki daitezke, besteak beste. Jogurtak, asto-esnearekin egindako xaboi naturalak, ogia, gozoak... Ingurumena errespetatuz eta produktu kimikorik erabili gabe egindako jakiak dastatzeko aukera ematen dute erakusmahaiek. Oro har, pozik daude saltzaileak, jendeak erakusten duen jakin-mina salmenta bihurtzen baita maiz.

Elikaduratik harago, osasunarekin lotura duten erakusmahai ugari daude. Lurrinek osasuntsu mantentzen lagun dezaketela aldarrikatzen du aromaterapiak. «Lurrinek gorputzean eragiten dute», azaldu dio ozen postuko emakumeak bisitari talde bati. Kontzentratua egoten edo erlaxatzen laguntzen duten aromak eros daitezke.

Horrez gain, eguneroko errutinaz ahaztu eta eraberritzeko, masajeak edo kaiku tibetarren saioa har daiteke. Ohiko medikuntzak artatu ezin dituen arazoei irtenbidea ematen dio ekialdeko medikuntza naturalak, Gabriel Garcia erakusmahaiaren arduradunaren arabera. «Kaikuek egiten duten soinuarekin buruak atsedena hartzen du, eta gorputzean mugimendua sortzen da, lasaitasuna sortuz», adierazi du Gabriel Garciak.

Edozein alorretan egin daitezke aurrerapausoak ingurumena babesteko. Baita haurren eremuan ere. Bestela, Fischer Tip etxearen adibidea ikusi besterik ez dago. Ohikoak diren haurrentzako plastikozko jostailuak baztertu, eta patataren fekulaz eginiko materialekin jolastea proposatzen du Fischer Tipek. Material hori bustiz gero, itsasi egiten da, eta era guztietako panpinak sortuz dibertitzen dira haurrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.