Zahartzeko beldurrik ez duen komikoa da Tricicle taldeko kide Joan Gracia (Bartzelona, 1978). Forever Young, Paco Mir eta Carles Sensekin zuzendutako obra Iruñean da egunotan. Datorren astean Donostian izango dira.
Rock-and-rolla eta umore dosi handiak. Hori al da betiko gaztea izateko formula?
Zahartzarora gazte iristeko balio dezake. Umoreak izugarrizko onura egiten dio osasunari, eta mediku teoria askok tesi hori frogatzen dute. Bizitzari aurre egiteko hartzen duzun jarrera funtsezkoa da ongi zahartuz joateko.
'Forever Young'-en hori islatu nahi izan duzue?
Bai. 2050eko zahar etxe batean dauden erretiratuak dira obrako protagonistak, baina beti bezain beste maitatzen, abesten eta gozatzen dute. Gainera, heriotza gertu ikusten duten arren, barre egiten diote. Aukera izanez gero, horrela zahartzeko kontratu bat sinatuko nuke orain bertan.
Rock espiritu asko al dago erretiratuen artean?
Baietz esango nuke, kar-kar. Kataluniako TV3 katean Casal Rock saioa egin berri dute, eta 70 urteko adinduek ACDCren abestiak kantatu dituzte bertan. Baina ez da Highway to Hell abestu behar rock espiritua izateko, azken finean jarrera positiboa izatea baino ez delako. Baina, noski, osasunaren egoerak asko mugatzen du hori, eta erraza da hitz egitea...
Zure ustez, zein adineko ikusleek gozatuko dute gehien antzezlanaz?
Komedia bat da, eta ikusleari helarazi nahi dizkiogun balioak unibertsalak dira. Baliteke 20 eta 50 urte bitarteko lagunek gehiago gozatzea obraren alde musikala, abestiak gertukoagoak izango dituztelako. Baina edadetuengan energia positibo bera eragin nahi dugu, bizitza bizitzeko grina delako obraren zutabe nagusia.
Zahartu nahi ez duen belaunaldi baten inguruko hausnarketa dirudi...
Bizitzari eta etorkizunari eginiko omenaldiada. Bizitzari aurre egiteko bide positibo bat proposatzen dugu. Obrako aktoreetan sumatzen da hori: gazteak dira, eta, zahartuz doazen arren, izugarrizko energia dute.
Eta, Tricicleri dagokionez, zer?
Triciclek eginiko guztia ezinezkoa liteke jarrera baikorrik gabe. Zorionez, gustuko dugunaz bizi gara, eta toki askotan aritu gara antzezten. Lanbide hau zoragarria da, eta sentipen onez josita dago. Ezinezkoa zaigu uztea.
Zuen agendari erreparatuz gero, bide onetik zoaztela dirudi...
Beti egon gara lanez lepo, eta berdin gaude egun. Ez dugu erretiratzeko inolako asmorik, egiten duguna asko gustatzen zaigulako. Gainera, legeak gero eta beranduago erretiratzeko behartzen gaituenez, ez dirudi agertokitik jaisteko moduan ibiliko garenik.
Obraren zuzendariak zarete, baina aktoreak baino gertuago zaudete zahartzarotik. Hainbeste beldur ematen du agertokian abesteak?
Pena eman digu, antzezteko obra izugarria delako. Baina, tamalez, gu ez gara abeslari trebeak. Horregatik nahiago dugu antzerkia egin eta barrea eragin.
Dena den, asko nabaritzen da zuen umorearen ukitua obran.
Gag asko ditu obrak. Komediaren munduan errotu da Tricicle, eta urteetan ikasitako guztia eman nahi izan diogu antzezlanari. Oso obra dibertigarria egitea lortu dugu, eta gogoeta egin daiteke.
Azken hausnarketa: musika eta umorea ez dira inoiz hiltzen?
Inoiz. Unibertsalak dira biak. Gizakia gizaki denetik egon dira gure artean, eta berdin jarraituko dute etorkizunean.
Joan Gracia. Tricicle taldeko kidea
«Adinduek ez dute 'Highway to Hell' abestu behar rock espirituaren jabe izateko»
Tricicle taldeak 'Forever Young' musikala egingo du egunotan Iruñeko Gaiarre antzokian (20:00). Zahartzaroaren gaia rock ikuspegi batetik lantzen dute obran. «Bizitzari eskaini diogu», esan du Joan Graciak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu