Adinekoen ongizatea du helburu First Lego Leaguek

Zientzia eta teknologia gizartearen zerbitzura jarriko dituzte mundu osoan antolatzen den lehiaketa horretan

Maialen Unanue
2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Gizartearen zahartzea herrialde garatuetako fenomeno bat da, eta, horri aurre egitea, berriz, erronka bat. Hain zuzen ere, adineko pertsonen ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzeko nahiari heldu dio aurten First Lego League lehiaketak. Mundu osoan antolatzen da —60 herrialdetako ikasleek parte hartuko dute aurten—, eta gaia bera da guztientzat.

Innobasque Berrikuntzako Euskal Agentziak duela lau urtetik antolatzen du Gipuzkoa, Bizkai eta Araban; aurtengo finala abenduaren 1ean izango da, Zientzia eta Teknologia Parkeko Euskaltelen egoitzan (Zamudio, Bizkaia). Aurten, 34 taldek parte hartuko dute, guztira: 9 eta 16 urte arteko 330 lagunek.

Zenbait enpresaren laguntzaz, eskolaz kanpoko heziketa jasoko dute ikasle eta trebatzaileek. Besteak beste, Azti-Tecnalia, Berc eta Vicomtech-IK4 enpresen egoitzak eta EHUko Esperientziaren Ikasgelak bisitatuko dituzte; horrela, heziketa ikasgelatik atera eta bide ez-konbentzionalen bitartez jasotzea lortu nahi dute.

Zahartzearen eta Belaunaldien arteko Elkartasunaren Europako urtea dela-eta proposatu dute aurtengo gaia. Ildo horretan,60 urte edo gehiagoko pertsona bat izan beharko du talde bakoitzak; helburua da pertsona horri aktiboa izaten laguntzea, ingurukoekin harremanak izaten eta konprometitua izaten.

Talde lana bultzatuz

First Lego League robotika, zientzia eta teknologia ardatz dituen txapelketa bat da. Lehiaketa horren bidez, parte hartzaileek hainbat alor jorratzea nahi dute. Batetik, proiektu zientifiko bat aurkeztu beharko dute; gaiarekin zerikusia duen arazo erreal bat identifikatu, eta horri konponbide bat eman. Talde bakoitzak bere robota eraiki beharko du, gainerakoekin lehiatzeko, eta diseinuaren defentsa ere egin beharko dute.

Lehiaketa First Lego League-aren zati handi bat izan arren, partaideek lan egin bitartean ikasitako balioek ere garrantzi berezia dute lehiaketa horretan: talde lanean aritzean izandako arazoak, kide bakoitzaren rolen banaketa, euren trebatzaileekin izan duten harremana eta lanerako orduan gainditu dituzten arazoak zeintzuk izan diren azaldu beharko dute txosten batean.

Nazioarteko txapelketa

Abenduaren 1eko finalean lehenengo hiru postuak lortzen dituztenek nazioarteko deialdietan parte hartu ahal izango dute: Espainiakoan lehenik, eta, irabaziz gero, Europakoan eta mundukoan.

2009an izan zen Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako lehenengo lehiaketa, eta, orduz geroztik, urtero izan da bertatik ateratakoren bat nazioarteko deialdietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.