Egitarau erakargarria prestatu du ETB3ko Zinemateka saioak, jatorrizko bertsioko filmekin. Sorta eder horren barnean, drama aparta da John Sayles (Lone Star) zuzendariaren Casa de los babys. Gaia mamitsua da, adopzioarena. Sentimentaltasunik gabe ukitzen da dena, seriotasunez eta istorioa interesgarri bilakatuz. Zuzendariak badaki istorioa nola kontatu. Eta, horrez gain, emakumezko aktore protagonistek sekulako antzezpenak egiten dituzte.
AEBetako sei emakume euren bizitzako unerik garrantzitsuenean daude: guztiei adopzioan ume bat emango diete aurki. Hego Amerikako hostal txiki batean bilduko dira, eta tokiko burokraziak adopzio eskaerak betearazteko zain daude. Haurrak hango umezurtz etxe batekoak dira. Egunak joan, egunak etorri, emakumeek euren larritasun sentimenduak eta itxaropenak konpartituko dituzte.
Aurrekontu aldetik ekoizpen txikitzat jo daiteke. Ez zuen oihartzun handirik ere izan. Baina oso kontuan hartzeko filma da. Amatasunaren inguruko hausnarketak interesgarriak dira; kontatzen den guztia sinesgarria egiten da. Efektismorik gabe, ikuslea entretenitzea ere lortzen du. Gidoi borobil bati zor dio dena.
Urtzi Urkizu
############
Casa de los babys
ETB3, 22:30. Zuz.: John Sayles. Akt.: Maggie Gyllenhaal, Daryl Hannah, Marcia Gay Harden, Susan Lynch, Mary Steenburgen, Lili Taylor, Rita Moreno. 95 min. AEB, 2003. JBA.
############
Adopzioen gaia modu interesgarrian kontatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu