Egun, 20.000 lehoi inguru daude Afrikan. Datozen bi hamarkadetan kopuru hori erdira jaits daitekeela ohartarazi du AEBetako Proceeding of the National Academy of Sciences aldizkarian publikatutako artikulu batek.
Hogei urtez, 47 lehoi populazio aztertu dituzte. Horren arabera, lehoi kopurua behera egiten ari da etengabe kontinente osoan, hegoaldeko lau herrialdetan izan ezik: Botswanan, Namibian, Hegoafrikan eta Zimbawen. Ikertzaileek gogoratu dute XX. mendearen erdialdean 200.000 lehoi zeudela Afrikan. Hau da, gaur egun baino hamar aldiz gehiago. "Gaur egun, lehoiak euren eremu historikoaren %25ean daude", salatu du Philipp Henschel doktore eta Panthera gobernuz kanpoko erakundeko kideak.
Egoerarik latzena Afrikako erdialdean eta mendebaldean dago. Adituek uste dute hango lehoien erdiak hogei urtean desager daitezkeela. Bi talde baino ez dira gelditzen inguru hartan: Benin, Burkina Faso eta Nigerren arteko mugan eta Kamerunen. Lehenengoan, 350 animalia daude; bigarrenean, berriz, 250.
Natura Babesteko Nazioarteko Batasunaren arabera, Afrikako mendebaldean lehoia "desagertzeko arrisku larrian" dago. Baina ikertzaileek espero dute kategoria horretan sartzea kontinenteko erdialde eta ekialdeko felinoak ere. Gaur egun, eskualde horietako lehoiak "kaltebera" gisa baino ez baitaude sailkatuak.
Lehoiak desagertzeko arrazoi nagusia gizakien esku esku hartzea da. Felinoen ehizaguneak nekazaritza eta abeltzaintza eremu bilakatu dituzte. Gainera, lehoien elikagai nagusietako bat antilopeak dira, eta gizakiek erruz ehizatzen dituzte. Horrez gain, aziendak babesteko hiltzen dituzte. "Lehoiak babesteko, ahalegin eta eta diru asko behar da oraintxe", azaldu du Henschel doktoreak. Adibide gisa Hegoafrikako Kruger parkea jarri du. Hara diru publiko ugari bideratzen dute, eta hori "animalien babesean berrezarri" egiten da.