Ez da jada ikasleen jolasik sumatzen atarian, ez eta haien oihurik eta zalapartarik entzuten atsedenaldiko tenorean. Txirrina ere ez da gehiago entzuten. Iruñeko Jaso ikastolako eraikin zaharra hutsik eta isilik dago aspaldian, noiz eraitsiko duten zain, Etxabakoitz auzoan. Behin botata, mojen komentu izandako eraikinaren orube hori saldu egin nahi luke ikastolak. Orotara, 7.000 metro koadro dira.
Euskal Herriko beste ikastolen moduan, herri ekimenak bultzatuta sortu zen Jaso ikastola, 1980. urtean. Zortzi irakaslek, sukaldari batek, 104 ikaslek eta horien gurasoek eman zioten hasiera ikastolaren historiari. Ilusio eta eginahal handiarekin hasi ziren lanean, Etxabakoitz auzoan erosi zuten moja etxean. «Guztiok elkarrekin eta elkarlanean sortu genuen ikastola», gogoratu du Kontxita Martinez de Lezea ikastolako lehen zuzendariak. San Fermin ikastolan 1980. urtean izandako matrikulazio eskaera handiaren ondorioz jaio zen Jaso. «Urte horretan matrikula eskaera izugarria izan zen San Fermin ikastolan, eta ikasle asko kanpoan gelditu ziren. Jesus Atxa orduko zuzendariak beste ikastetxe bat zabaltzea proposatu zuen, eta hori egin genuen».
Hutsik zeuden Iruñeko komentu guztiak ikusi ondoren, Etxabakoitzen aurkitu zuten bat. «Mojek saldu egin nahi zuten, eta guk erosi», dio Martinez de Lezeak. Komentuak bi eraikin zituen, mojen etxea eta beste eraikin handiago bat. Hasieran, mojen etxebizitza moldatu zuten; «urtetik urtera, beharren arabera eta sartzen ziren ikasle berrien arabera, gainontzekoa egokitzen joan ginen», dio.
Auzolanaren emaitza izan zen. Irakasleek, ikasleek eta gurasoek lagundu zuten proiektua martxan jartzen. Martinez de Lezeak nostalgiaz gogoratzen du garai hura. «Ikastola martxan jartzera joan nintzen, gero San Fermin ikastolara itzultzeko asmoz, baina han gelditu nintzen hemeretzi urte zuzendari moduan».
Eraikin handienean Lehen Hezkuntzako ikasleak sartu ziren, eta mojak bizi ziren etxea 3 eta 6 urte arteko ikasleak hartzeko erabili zen. Orubean zeuden baratzeak eta arrosondoa patioak ordezkatu zituen. Eraikin zaharrean egin zuten azken urtean, 1999an, 632 ikasle zeuden. Baina ikastola txiki gelditu zen, eta urte horretako apirilean Mendebaldea auzoko eraikin berrira joan ziren. Harrezkero, ikastola zaharrak ez du erabilpenik. Orain, eraikina botako dutela jakiteak pena handia ematen dio.
Lapurretak noiznahi
Ikastola hartu zuen Etxabakoizko eraikina hesitua dago egun. Eraikina botatzeko baimena noiz lortu zain daude Jaso ikastolako zuzendaritzan. «Sarkin asko ditugu. Etengabe sartzen dira lapurretara, berogailuak ere eraman dituzte. Gainera, teilatua oso gaizki dago, eta eraikina bera ere bai. Dagoen moduan mantentzea arriskutsua da. Ez dugu istripurik nahi», dio Javier Baztarrika ikastolako lehendakariak. Lapurretak eragozteko eta segurtasun faltagatik eraikina ahalik eta azkarren eraitsi nahi dute ikastolako arduradunek. Halere, ez dute egun zehatzik. Udalari eraikina botatzeko baimena eskatua dioten arren, oraindik ez dute erantzunik jaso, eta haren baimenaren zain daude. Behin eraikina botata, ikastolaren asmoa orubea saltzea da. Ataria eta guzti, denera, 7.000 metro koadro ditu. «Salmentatik lortutako dirua ikastola berria egiteko eskatu genituen maileguen zati bat itzultzeko erabiliko dugu», esan du Baztarrikak.
Agur ikastola zaharrari
Oraindik eraisteko egunik ez den arren, aurki botako dute Iruñeko Jaso ikastola hartu zuen lehen eraikina, Etxabakoitz auzoan. Behin eraitsita, orubea saldu eginen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu