Amaitu da. Akabo. Kito. Sei egun, 127 ordu, ehunka ekitaldi, hamaika parranda eta horrenbeste bestondo. Zeledon 01:00etan itzuli da bart San Migeleko kanpandorrera, eta gasteiztarrek Andre Mari Zuriko jaiei amaiera eman diete. Gasteizko Udalak gaur eskainiko duen balantze ofizialari itxoin gabe, lehen balorazioa egiteko tenorea da: egunotan giro ederra egon da hirian, inoiz baino jende gehiago ikusi da kalean eta, krisiak krisi, tabernak lepo egon dira.
Gasteizko Udaleko garbitzaileek nabaritzen dute gehien kaleko giroa eta jaiaren arrastoak. Egunero, milaka kilo edalontzi eta zabor bildu behar izan dute, kaleak itxuroso mantentzeko. Lehenengo egunean bertan, 14.000 kilo zabor garbitu behar izan zuten Zeledonen jaitsieran, horietatik 13.700 beirazko botilak izan ziren. 60 kale garbitzaile baino gehiago ibili dira goiz, arratsalde eta gauez lanean.
Aurreko urteetan baino lan gehiago izango zuten, ziurrenik, oso jendetsuak izan baitira aurtengo jaiak. Eta hori nabaritu egin dute ostalariek. Pozik daude sei eguneko balantzearekin. Alde Zaharrean dago Erdixka taberna, eta David Zabalza tabernariak dioenez, kanpoko jende asko sumatu dute eta lanez gainezka egon dira sei egunetan: «Izugarria izan da. Uste genuen hilaren 6tik aurrera etxekoak baino ez ginela geratuko, baina jendetza ibili da egunero». Lepo izan dute jatetxea ere; egunero ia 90 lagunentzako bazkaria prestatu dute.
Modu berean ibili dira El 7 tabernakoak ere: «Oso ongi lan egin dugu, eta eguneroko menuak barra-barra eman ditugu», adierazi du Marta Rosellek. Haren esanetan, Euskal Herritik kanpo etorritako bisitari dezente joan da tabernara trago bat hartzera, pintxoak probatzera edo ogitartekoak jatera. «Katalanak izaten ziren nagusi aurreko urteetan, baina aurten Andaluziako turista asko ikusi dut».
Pozik daude Aldapa tabernan ere. Bazkalostean kafeak eta gauean konbinatuak eta garagardoak jartzen aritu da Ingrid Arnal, etengabe. «Egun lasaiena igandea izan zen, oso eguraldi txarra egin zuelako, baina gainerakoak oso ongi lan egin dugu».
Atseden hartu barik egon dira tabernariak larunbataz geroztik, eta atzo izan zuten egunotako tentsioa askatzeko parada. Izan ere, ohitura den legez, Zeledonen igoerarekin batera, Alde Zaharreko taberna guztiak itxi egin zituzten, eta gordetako azken indarrak txosnetan ahitu zituzten. Ostalari askoren eguna izan zen atzokoa, beraz. «Oso nekatuta nago, amaitzeko irrikan, eta taberna itxi bezain pronto, txosnetara noa, parranda itzela egitera», zioen Arnalek barraren bestaldetik. Pertsiana jaitsi eta lagunekin trago batzuk jotzeko orduak kontatzen ibili zen, halaber, Aranba tabernako Regu ere: «Gaurko protagonista tabernariak gara, jaiez gutxien gozatu dugulako».
Unibertsitate inguruetan ere giro aparta izan da. Eguraldi ona lagun, jendetza ibili da txosnen esparruan, eta hainbat kontzertu arrakastatsuak izan dira oso. Atzo, Fuel Fandangoren eta Anai-Arreba taldeen doinuekin esan zieten agur jaiei txosnetakoek.
Salmentetan, denetarik
Jaietako balantze gazi-gozoagoa egin dute, ordea, Senda ibilbidean dauden eskulangintza postuetakoek. Krisia nabaritu egin dute askok, eta ez dutela askorik saldu kexu dira. Itziar Vizcaino Bilboko artisaua da, eta urtero etortzen da Gasteizko Andre Mari Zuriko jaietan bere lanak saltzera: pultserak, zilarrezko zintzilikariak, eraztunak... Aurten, salmentei dagokienez, iaz baino «okerrago» ibili direla dio. Hala ere, urtero hiria bisitatzeak bezeroekin egoteko aukera eman die eta, beraz, «betikoek» ez diete hutsik egin.
Pintatelas lantegiko arduraduna da Txaro Gonzalez. Kamisetetan irudiak egiten ditu eskuz, «pintzela eta pazientzia» lagun dituela. Haurren kamisetak eta pilotatxoak saldu du gehien aurtengo jaietan, eta, oro har, «jaitsiera txiki bat» sumatu duen arren, pozik agertu da. Izan ere, gaur egun horren ohikoak ez diren produktuak saltzen ditu, eta bezeroek lan hori «estimatzen» dutela sentitzen du.
Errealkubo kooperatibak lehenengoz jarri du postutxoa Senda ibilbidean. Errealkubon, erabilitako materialekin produktu berriak sortzen dituzte, berrerabilpena baita haien filosofia. Aurtengo jaietan jendeari horixe transmititu nahi izan diote. Salmenten balorazioa egiteko erreferentziarik ez duten arren, ondo joan zaiela azaldu du Alazne Ezpeletak, kooperatibako kideak: «Kamiseta ugari saldu ditugu».
Txema Jimenezek, berriz, zilarra landu eta bitxiak egiten ditu. Inguruko saltzaileak salmenten egoeraz kexu direla badakien arren, berak «asko» saldu duela dio, «lauburuak gehienbat». Horrek sekulako poztasuna ematen dio, eta baita lanean jarraitzeko indarra ere. Gasteizen bertan dauka dendatxoa, eta bertan luzaroan jarraitzea espero du.
Lapurretak
Festa giroan ohikoak izaten dira lapurretak ere, eta Andre Mari Zuriko jaiak ez dira salbuespena izan. Egunero 225 udaltzain egon dira kalean segurtasuna bermatu nahian. Poliziak emandako datuen arabera, lehen lau egunetan 210 salaketa egon dira diru zorro, sakelako telefono eta poltsen lapurretengatik.
Egunotako burrunbaren ondoren, baina, baretasuna itzuliko da gaur Gasteizera, eta 2013. urteko Andre Mari Zuriko jaietarako atzerako kontua hasiko dute gasteiztarrek.
Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak
Agurra, zapore onarekin
Zeledon San Migeleko kanpandorrera itzuli da bart, eta gasteiztarrek amaiera eman diete sei eguneko festariInoiz baino jende gehiago ikusi da kaleetan, eta tabernariak, bereziki, pozik daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu