Gaur egungo sommelierrik ezagunenetako bat da Charlie Arturaola. Uruguain jaio zen, Montevideon, duela 49 urte. «Bordaberry diktadorearen garaikoa naiz ni», dio Arturaolak. «Aitona nuen Euskal Herritik etorritakoa. Gaztelu, Leaburu ingurukoa da familiaren jatorria. Baina 66 urterekin, gazterik hil zen bera, eta aita, berriz, 39rekin alargundu zen. Horregatik, amonak hazi gintuen, eta euskal erara egitea erabaki zuen, gure jatorria zein zen argi utziz beti».
Komunikazioaren mundua gustatzen zitzaion. «Eta nire helburua hori ikastea izan zen», gogoratu du Arturaolak. Irratian hasi zen lanean, tango doinuak entzun eta eguneko tituluak kontatzen ziren saio batean. Gerora, ordea, gobernu etxera bidali zuten, prentsaurrekoetara, eta, azkenik, «futbol partidak ematen hasi nintzen, egun bateko kontakizunean greba bati buruz hitz egin nuen arte, eta bota ninduten arte».
Bizitzak, ordea, herrialde askotara eta zeregin oso desberdinetara eraman du Charlie Arturaola. Sukaldaritza mundutik hasi eta hotelen antolaketan ardurak izaterainoko lanak izan ditu, itsas bidaldietan ere lan egindakoa bera. «Baina, bizitzaren jirabirengatik, ardoen munduan buru-belarri sartu nintzen duela 25 urte».
Ordurako ez zitzaion arrotza ardoaren usaina. «Gure aitonak mahatsondoa zuen etxean, eta gerora ere aitak 250 litro egin izan ditu urtero». Baina Italia, Frantzia, Espainia, Argentina eta beste hainbat lurralde ezagutu eta bisitatu ostean, «autodidakta izan naiz, eta hainbat kulturatatik jaso dut ardoaren inguruko jakintza».
Dokumental arrakastatsua
Horregatik, gaur egun sommelierrik ezagunenetakoa da Charlie Arturaola AEBetan eta munduan. Ardoen arteko lehiaketarik garrantzitsuenetan epaimahai izateaz gain, unibertsitateko irakasle, jaialdi garrantzitsuenetako hizlari, probaketetako maisu eta, nola ez, hainbat hotel kate ezagunetako ardo aholkularia da.
Ardandegi askotako upelak eta upategiak ondo ezagutzeaz gain, merkatuari ere ondo errepa-ratzea tokatzen zaio: «Askokhala uste badute ere, New York eta Londres ez dira gaur egun ardoaren zentro; Hong Kong eta Shanghaik hartu dute lekukoa». Horregatik ariko da txinera ikasten.
El camino del vino (ardoaren bidea) izeneko dokumentalerako hasierako ideia munduko lau edo bost sommelier onenak elkartzea izan zela gogoratu digu Arturaolak, eta bera moderatzaile gisa aritzea. «Baina Nicolas Carreras zuzendariak esan zidan hori oso aspergarria zela, eta beste zerbait proposatu zidaten: 'zergatik ez diguzu zure historia kontatzen?'». Hasieran proposamena harrituta hartu bazuen ere, berehala konbentzitu zuten Arturaola.
Dokumentaleko protagonista hura da, baina hari nagusia eramateko, fikzioa sartzea erabaki zuten. «Eta horregatik ageri naiz ni ahosabaia galduta, gaur arte ikasita neukan guztia bereizteko gai ez naizela, zaporeak bereizteko ahalmena galdu dudalako».
Zaporeen bila, ahosabaia berreskuratzeko lanetan, Argentinako Mendoza lurraldeko mahastietara joko du, bai eta bere jaioterrira ere, sorterrira, Uruguaira.
«Botila bat ardoren atzean dagoen lanaz gain, beste gai asko lantzen dira dokumentalean: etorkin izatea, familia…», gaineratu du Arturaolak, «baina helburu nagusia jendea heztea da».
Eta momentuz harrera ezin hobea izan du filmak. Mar de Platan (Argentinan) egiten den zinemaldian Fipresci Prentsa Zinematografikoaren Nazioarteko Federazioaren saria eskuratu baitu El camino del vino-k. «Orain, Berlinera goaz, eta ea han zer gertatzen den», dio Arturaolak, «baina ez daukagu bide honetan geratzeko asmorik».
Oso pozik dago lortutakoarekin: «Mahatsondo baten azpian hazitako gizon honen bizitza kontatzea, eta hori gustatu izana, ederra da gero».
Dokumentalaren bukaera aldera ikurrin bat ageri da, «momenturen batean agertzea nahi izan nuelako». Izan ere, joaten den tokira joaten dela, nongoa den galdetzen dioten bakoitzean «euskalduna» dela erantzuten du berak, «Euskal Herritik Uruguaira joandako etorkinak baikara». Eta hala ezagutzen dute Charlie Arturaola. Bost hizkuntza hitz egiten ditu, eta «euskarari heltzeko gogo handia» duela dio 90etik gora herrialdetako zigiluak pasaportean dituen eta Miamin bizi den gizonak.
Bidaia asko egiten ditu itsasoz beste aldera, eta gertuan badabil, berehala egiten du geldialdia Euskal Herrian, «eta sagardotegiren baterako bisita ez da urruti izaten».
Realaren jarraitzaile amorratua izateaz gain, txakolinzalea da, eta «ezagunagoa egitearen aldekoa» ere bai. «Horretarako, kanpaina jakinak egingo nituzke, ahosabai gazteei horren plazera erakuste aldera». Jatorri izenen inguruan ere guda handiegiak daudela pentsatzen du eta hori ez dela ona. Miamiko Jai Alai frontoietako makina bat pilotariri txakolin kaxak ekarri eta saldutakoa dela ere aitortu digu Arturaolak.
Sukaldean aritzea ere gustatzen zaio, eta «bakailaoaren aldekoa» dela oso garbi esatea. Ziur platerari laguntzeko ardo onik ez dela faltako mahaian.
Ahosabaia galdutako ardozaina
Charlie Arturaola hiztun aparta da, baina batez ere bi gai ahotan hartzen dituenean antzematen zaio pasioa: ardoaren mundua da bata, eta euskaldun jatorria bestea. Ardoari buruzko dokumental bat egin berri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu