Jean Bordaxar, Jean Noel Pinque, Jean Pierre Luro eta Robert Larrandaburu. Horiexek dira Bordaxar laukotea osatzen duten kideak. Euskal Herriko hainbat txokotan kantaldiak eskaini ostean, Hendaiako Abadia gazteluan arituko dira gaur.
Lau boz berezi eta eder horiek abesti zuberotarrak jorratzen dituzte, musikarik gabe. Oholtza bat eta lau mikrofono besterik ez dute behar, Zuberoako kultura lau haizeetara zabaltzeko.
Jean Bordaxar Zuberoako kantagintzatik oso gertu ibili izan da betidanik. 80ko hamarkadatik gaur egun arte, molde berriak ekarri dizkio modernitatearen eta tradizioaren artean zubi lana eginez. 1998. urtean, taldeko gainontzeko hiru kideekin elkartu, eta, Pirinioetako modu tradizionalaren ildoan, lau ahotsetana cappella abesteari ekin zioten.
Laukotearen lehen diskoa, Aintzina, 2003. urtean kaleratu zen. Dominic Earl gitarra jotzailearekin batera, folkaren eta erritmo bizien arteko nahasketa egiten du Bordaxarrek.
Pastoralek ere leku garrantzitsu bat betetzen dute Bordaxarren bizitzan. Izan ere, hainbatetan dantzari moduan aritu ostean, azken bi urteetan bi pastoral idatzi ditu: Telesforo Monzon (2011) eta Ameriketan eüskaldünak-Jose Mendiague (2012).
MUSIKA
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Non. Abadiako gazteluan (Hendaia, Lapurdi).
Ahots zuberotarrak Hendaian
Zuberoa gehiago ezagutzeko aukera izango da gaur Bordaxar laukoteak Hendaian egingo duen kantaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu