Aurreko mendearen bukaeran, Internet sarea zabaltzen hasi zenerako, aski ezagunak ziren bat-batean komunikatzeko tresnak, IRC eztabaida gelak, MSN messengerra eta hauen antzeko beste hamaika software. Garai batean, Interneteko atari eta bilatzaile nagusiek eskaintzen zituzten halakoak, baina P2P softwarerik ezagunetariko baten sortzaileei, Kazaa, bururatu zitzaien ordenagailu batetik bestera deitu ez ezik, ordenagailutik etxeko edo sakelako telefonoetara deitzea aukera berriztatzailea eta zoragarria izan zitekeela, are gehiago, ohiko telefonia enpresek kobratzen duten baino askoz ere merkeago eskainita. Horrela jaio eta zabaldu zen VoIP protokoloa, IP bidezko telefoniak darabilena alegia.
Azken urteotan, telefono konpainiak areagotu egin dira, eta gehienek ematen dute aukera, Internet konexioarekin batera gehienetan, telefono finkoetarako deiak doan egiteko. Bestelako kontua da sakelako telefonoetara edota atzerrira egiten diren telefono deiengatik kobratzen dutena. Horrelako deiak garestiak izaten dira, eta are gehiago beste herrialde batean dagoen lagunari sakelakora eginikoak. IP bidezko deiak egiten direnean, herrialde batetik besterako mugak desagertzen dira. Etxeko ordenagailutik Txinara deitzea ondoko bizilagunari deitzea bezalakoa da, ahotsak egiten duen ibilbidearen aldetik zein, konpainiaren arabera, salneurrietan.
AURREZTEKO. Consumer Eroski erakundeak duela hilabete gutxi zabaldutako ikerketa baten arabera, IP bidezko teknologiaren bidez deitzea, ohiko telefoniarekin baino askoz ere merkeagoa izan daiteke. Telefono finkoetara eginiko deietan, batez bestez %83 merkeagoa da Telefonicarekin deitzea baino (Euskaltelekin batera, Hego Euskal Herriko telefonia konpainia nagusia). Sakelako telefonoetara deitzeko orduan ere dira merkeagoak Gizmo bezalako softwareak erabilita eginiko deiak, %56 batez bestez. Alderik handiena atzerrira deitzen denean dute erabiltzaileek.
Euskal herritarren arteko deietan ere diru dezente aurreztu dezake IP bidezko telefoniak, Interneten muga administratiboak desagertzen direlako. Esaterako, Bilbotik Baionara ohiko konpainiarekin 5 minutuko deia egiteak 0,72 euroko kostua dauka. Yahoo Voice aplikazioarekin, aldiz, hamar aldiz gutxiago: 0,07 euro.
IP bidezko telefoniaren akatsik handiena, hasiera batean behintzat, ordenagailuaren aurrean hitz egin beharra zen, mikrofonoaren bidez eta bozgorailuak piztuta. Erabiltzaile asko, informatikan trebeak ez direnak batez ere, atzera egiten zuten ohiko telefonoaren bidez deitzea askoz erosoagoa dela ikusita. Pixkanaka, traba txiki horiek gailentzen joan dira Skype eta enparauak, izan ere, USB konexioarekin ordenagailuan erraz txerta daitezkeen telefono ugari salgai jarri dituzte. Egun, VoIP motako softwarea etxetik ere atera daiteke, ordenagailu eramangarri, PDA edo smartphone tramankuluei esker. Mundu osoan Wi-Fi sareak zabalduko balira, sakelako telefonoek egun darabilten teknologia soberan egongo litzateke.
Deiak egiteaz gain, bestelako zerbitzuak garatu dituzte aplikazio hauek: bideo bidezko deiak, ahots postontzia, deiak jasotzeko zenbakiak, SMS mezuak bidali eta diru transferentziak, bestek beste. VoipBuster, Yahoo Voice, Gizmo Project eta, noski, Skype dira IP bidezko deiak eskaintzen dituzten konpainia ezagunetariko batzuk, urteotan beste hamaika sortu dituzten arren, Jajah eta Peoplecall, esaterako.
voIP KonPaInIen KosTua
SkypeFinkoetara. 0,02Û.
Sakelakora. 0,22Û Hego Euskal Herrian eta 0,16Û Iparraldean. SMS: 0,12Û/0,11Û
Yahoo Voice
Finkoetara. 0,01Û.
Sakelakora. 0,17Û Hego Euskal Herrian eta 0,15Û Iparraldean.
Gizmo Project
Finkoetara. 0,02Û.
Sakelakora. 0,26Û Hego Euskal Herrira eta 0,21Û Iparraldera.
VoipBuster
Finkoetara. Doan, saldoa izanez gero.
Sakelakora. 0,21Û Hego Euskal Herrira eta 0,14Û Iparraldera. SMS: 0,06Û/Doan
*Minutuko salneurriak zergarik gabe.