Komunikazioa. Ekografiak

AHTEak eta AHTak

Aritz Galarraga.
2011ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Abiadura handiko telebista elkarrizketen, hots, AHTE deituko diegun horien garaiotan, eskertzekoa da oso Anitzele saioaren gisako planteamendu bat: ordubetetik gora, prime time-an, pertsona bakar bat luze eta zabal elkarrizketatzeko. Urrea da ordubete, hirurogei-laurogei minutu, eta ez dut uste telebista arduradunak horrelakoak erraz erregalatzeko daudenik. Baina Xabier Euzkitzek gidatzen duen saioak erabaki du astero, ostegunetan, 22:00etatik aurrera, pertsona bati eskaintzea urrea den denbora hori.

Besterik da elkarrizketa horiek nori egiten zaizkion eta nola. Hasteko, nori egin zaizkion aipatuko dugu. Aurten, bigarren denboraldia, lau atal eman dituzte orain arte. Eta lau atal horietako bitan gonbidatuak kirolariak izan dira: Leire Olaberria —momentuko euskal kirolari handienaren gisa aurkeztua— eta Abel Barriola —kirolari handia garaipenean zein porrotean, Euzkitzeren hitzetan—. Beste gonbidatuak izan dira: Ramon Agirre aktorea eta, denboraldia hasteko —ez dakit asmo-erakusle moduan—, La Oreja De Van Gogh musika taldeko abeslaria, Leire Martinez.

Nola egin diren laburbiltzeko, bi ohartxo: batetik, elkarrizketatzaile nagusiaz aparte hiru gonbidatuen formula erabiltzea interesgarria da, baina tarteka iruditzen zait, presentziaz gain, galdetzeko abildade gehixeago ere izan beharko luketela. Eta urriaren 20ko saioan, ETAren komunikatuaren gauean, gerri gutxirekin jokatu zutela esango nuke. Akaso ETBko arduradunek. Eta Agirreren saioa ohi baino laburragoa izan zen, aktualitateak aginduta. Baina Olaberriarena, artean azkena, are laburragoa izan da. Ez dakit zerbaiten seinale ote den. Espero dezagun ezetz.

AHTEez ari garela, ezin utzi komentatu gabe Yolanda Barcinak AHTaren aurkako ekintzaile batzuen eskuetatik aurpegian jasotako pastizak. Eta nola lotu nahi izan zituzten gero ekintzaile horiek ETAren inguruarekin. Orain aprobetxatu beharko dute lotura klase hori egiteko, ETAren ubera oraino nabaritzen dela, hemendik denbora batera, ez askora, anakronikoa izango baita dena iraganeko erakunde armatuarekin lotzea.

Batek pentsatuko du hobe direla tortazoak baino tartazoak. Beste batek pentsatuko du, ordea, pastizek itzal egin diotela Nafarroako Kutxako dieten aferari, irakaskuntza grebari eta arnasa eman diola presidenteari une politikorik makalenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.