Arazoak konpondu nahi izaten dituzte asmatzaileek, eta horretan ari da Rodrigo Garcia arkitektoa (1984, Gasteiz) azken urteetan; ahalegin horren aitorpena iritsi zaio orain gutxi, James Dyson Award lehiaketako finalera sailkatuta. Aireportu batean zela maletaren zama nola arindu pentsatzen ari zela otu zitzaion Garciari maleta adimenduaren ideia. Lehiaketara aurkeztu zuen gero, eta finalera iritsi da haren prototipoaren ideia; azaroaren 8an jokatuko da finala. «Funtsean, jabeari jarraitzen dion maleta bat da; sakelako telefonoaren seinaleari jarraitzen dioten prozesatzaile bati eta hiru sentsoreri esker gertatzen da», laburtu du gasteiztarrak. Beste ezaugarri nagusia da gurpilik ez duela; beldar kateen sistema bati esker mugitzen da, elbarrientzako lagungarriago izan dadin. Arkitektoaren arabera, lehiaketan saritzen dena ideia bera da; hori dela eta, proiektuek denbora gehiago behar izaten dute merkaturatzeko. «Ideia erosteko interesa agertu dute enpresa batzuek; hala ere, proiektuarekin neure kasa jarraitzeko asmoa dut, gutxinaka bada ere; proiektuarekin laguntzeko lagun talde bat batzen nabil, hala ere».
Etenik gabeko sorkuntza
Nazioarteko lehiaketa da James Dyson Award, eta produktu diseinatzaileen, industria diseinatzaileen eta ingeniaritza ikasleen alde sortzailea sustatzea da haren helburua. Erresuma Batuan egiten den arren, hemezortzi herrialdetako gazteen lanak aurkezten dira bertan. Diseinuaren munduan oihartzun handia duen lehiaketa da, eta, sari ekonomikoaz gainera, ikasleek haien lana zabaltzea izan ohi dute helburu. «James Dyson Award lehiaketa irabazteak nire proiektua garatzen eta probatzen lagundu dit. Ate piloa ireki dizkit», aitortu du iazko irabazle Edward Linacrek. Australiarra da, eta Airdrop ureztatze sistemaren diseinua aurkeztu zuen iazko edizioan; sistema honen bidez ura airetik zuzenean erauzten da, ostean landareen sustraietan ezartzeko.
Maleta adimenduaren ideiak oihartzun handia izan du; hala ere, hori ez da Garciak lehiaketara aurkeztu duen proiektu bakarra; Toothmate proiektua ere James Dyson Award lehiaketaren finalean sartzea lortu du gasteiztarrak. Txistuarekin aktibatzen den hortzetako eskuila da; automatikoki lan egiten du, gainera. Devebere.com proiektuarekin, bestalde, Gaudi lehiaketan saritu dute. Egindako proiektu sortaren bilduma www.ideactionary.eu webgunean ikusteko aukera dago.
Gelditu gabe dabil lanean Garcia; egun Londresen bizi da, baina aurretik hainbat herrialdetan ikasi eta lan egin du. «Astero ekiten diot proiektu berri bati, eta lan erritmoa gogorra da; hala ere, gustuko ditudan gauzak egiten saiatzen naiz, eta hori da gakoa horiek egiteko denbora lortzeko», dio gasteiztarrak. Haren ustetan, pertsonaren baitan dago asmatzailea izatea edo ez, bizilekuak ere baldintzatu dezakeen arren. «Industrialki garatuak diren herrietan azpiegiturak hobeak dira; Indian, aldiz, gauza asko daude egiteko, eta indiarrek gogo handia dute» .
Aireportuan, zama barik
Rodrigo Garcia gasteiztarrak maleta adimendunaren prototipoa asmatu du; James Dyson Award lehiaketako finalean egongo da urteko ideiarik sortzaileena izateko lehian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu