Maratila

Akabo paradisua

Ane Muñoz.
2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Leandroren birraitona-amonek itsasertzetik gertu bizi nahian Ataun utzi eta hemengo baserri batean kokatu zirenean ez zekiten, ez, nola apurtuko zuen patuak euren ametsetako paradisua. Paradisua diot, baserriaren kokapena ez baita nolanahikoa. Atzeko aldean mendi-mendia, eta aurrrean, parez pare, itsaso urdin zabala.

Garai batean abereak izan zituzten: hamaika behi, bi asto, zerria, katua, beti katakumez inguratua, eta bi zakur kakanarru, itsusi bezain alai eta bihurriak. Leandro, anaia nagusia izanik, baserrian bizi izan da beti, eta hantxe hazi ditu, abere eta barazki artean, alboko baserriko alaba lirainarekin izandako sei seme-alabak. Gazteak hirira joan zitzaizkienetik, ordea, soilik emaztearekin eta ia ehun urte dauzkan amona Maria hilezkorrarekin bizi da, eta oraindik sasoia badu ere, ezin baserriko zeregin guztiak bete, ezin abereak zaindu, ezin baratza landu. Zera, azkenean abereak saltzea erabaki zuen. Baina ez zen nahikoa izan, etxe parean duen baratza ere izugarri handia geratu baitzitzaion urteen poderioz. Krisia gainean, eta ezin eremu osoa bere kabuz zaindu, Leandrok zati bat saltzea erabaki zuen. Ez zekien gizajoak salmenta sinatu zuen egun hartan paradisua galtzeko bidea zabaldu besterik ez zuela egin.

Orain, sakela betea bai, baina kamioiak, garabiak, harri puska ikaragarriak, hauts pila… konturatu orduko izugarrizko etxe puska eraiki diote sudur parean. Eta akabo itsasoa, herriko kanpandorrea, beheko pinudia, akabo oi ene paradisua.

Aurrerantzean ilobak Mitsubishi berrian eraman beharko ditu itsasoa ikustera. Hara, Ataunen bezala!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.