Donostiako Aste Nagusia. Irutxulo baino gehiago

Akordeoi baten nota tristeak

Munduko gastronomien laginak, surflariak reggaearekin animatzen dituzten bandak, akordeoi jotzaile malenkoniatsuak eta DJ modernoak; denek dute euren lekua Kursaal inguruko esparruan.

Bizitzak gainezka egiten du Kursaala eta Bulebarra lotzen dituen zubian. Han jartzen da azken urteotan izenik gabeko akordeoi jotzailea. XABIER MARTIN.
xabier martin
Donostia
2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Zubia amaitu aurretik iristen dira, bat-batean. Belarriak inguratu, etaanakronikoak balira bezala sartzen dira barrura, burmuineraino. Izenik gabeko akordeoi jotzailearen notak dira; jendea animatu nahi horretan tristeak zinez. «Itsua naiz, eta zuen laguntza behar dut». Paparrean dauka mezua itsatsirik. Beteranoa da zubian. Ez da jai egitarauan azaltzen, baina egon zitekeen, Kursaal aldera doazen turistek ez diote begirik kentzen eta. Ilbeltzaren hotzean bezala abuztuaren beroan ere (dagoenean), otzanki aritzen da Kantauri itsasoa eta Urumea lotzen diren lekuan. Tarte gutxi geratzen zaio bere akordeoiaren melodia zaharkituak entzun daitezen. Badaki ez dela gai Zurriolako terrazetan hastear dauden DJ madarikatu horien bolumenarekin. Eta gainera, euriaren mehatxua, beti euria... Jaioterrian halako hezetasuna ezagutu ote zuen txikitan?

Bost axola eguraldia Espainiako mesetakoak diruditen bisitariei. Taldean doaz Zurriolara. Zertarako bainujantzia? Galtza motzekin eta elastikoa kendu gabe itsasora doaz, autobusetik jaitsi berriak. Kantauriko urak ukitu nahi dituzte. Etxekoak surfean dabiltza han bertan, eta umeak, berriz, Tintin klubean igerian.

Baserritar bat bizikletan

Harriturik daudela ematen du. Kursaal atzealdea deskubritu dute: diseinuzko txosnak, igerilekuak hondartzaren barruan, jendea segway modernoetan, eta bizikletak, bizikletak erruz atzera eta aurrera. Eta, bat-batean, bidegorritik aurrera baserritarrez jantzitako emakume heldu bat ikusi dute Kursaal aldera. Entzun dute Donostian gauzak aldatzen ari direla, baina hainbeste... Habanako plaza nagusian jartzen diren amona puru erretzaile tipikoen rolean ote dago indigena hura hirian?

Zurriola kultura irekiaren gunean sartu da txirrindulari xelebrea, eta azkar asko hartu du bere tokia Goierri ordezkatzen duen txosnan. Ekuador, Brasil eta Errioxakoak ditu alboan. Haiek ederki ezagutzen dute, honezkero, taloaren usaina. Prestakizunetan dabiltza denak, gunea zabaltzeko ordua baita.

Miraria da, baina oraindik ateri dago, eta reggae doinuak hasi dira hondartza inguruak animatzen; Tacumah bandakoak dira. Pasealekuko kafetegi-dantzalekuaren terrazan esertzen dira ausart gutxi batzuk. Alboan, berriz, Udaltzaingoaren furgoneta-bulegoa dago. Barruan, hiru udaltzain adeitsu. «Salaketak jasotzen ditugu hemen». Zer-nolakoak? «Lapurretak batez ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.