Jaiak. Karmenak Markina-Xemeinen

Alarabirekin, hasi da festa

Hasi dira jaiak Markinan: musikak, kirolak eta bertsoek beteko dute asteburuko agenda; astelehenean txikien txanda izango daXemein abesbatza eta Aritz Aretxabaleta pilotaria izango dira jaietako protagonista

Txarangek girotuko dituzte Markina-Xemeingo kaleak jaietan. MADDI IBAIBARRIAGA / LEA ARTIBAI ETA MUTRIKUKO H ITZA.
2011ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Alarabiren eskutik, iritsi dira jaiak Markinara (Bizkaia). Begi bakarreko erraldoia iristearekin batera hasi zen atzo festa, Xemein abesbatzak txupinazoa bota eta pregoia irakurri ostean. Jaiek astelehenera arte iraungo dute, eta gaur ospatuko dute egun nagusia, Karmen Eguna hain zuzen ere.

Bart gaueko rock kontzertuekin motorrak berotuta, askok jarraipena emango diote festari, goizetik hasita, txistularien kalejirarekin. Gaua patxadan pasa ostean, meza nagusira joango dira beste zenbait. Xemein abesbatzak abestuko du bertan; 35 urte bete dituela eta, protagonismo berezia izango baitu aurten. Meza amaituta, aurreskua dantzatuko dute Goiko Portalean, udaletxe aurreko plazan alegia.

Musikariek hartuko dute lekukoa. 12:30ean Markina-Xemeingo bandaren kontzertua izango da plazan, eta ondoren, musika eskolaren kalejira arduratuko da giroa alaitzeaz.

Arratsaldean, kirolaren eta bertsoen txanda izango da. Hala, 18:00etan herri kirolak izango dira Zelaian: lasto botatzea, iparraldeko jokoak, aizkolariak eta harri-jasotzaileak. Ordu berean, profesionalen zesta-punta partidak jokatuko dira udal pilotalekuan. Aukera zabala izango da, hortaz, aspertu nahi ez duenarentzat.

Bertsoak ere ez dira faltako: 19:00etan Unai Iturriaga, Odei Barroso, Iñaki Viñaspe eta Joseba Artza arituko dira kantuan Uhagon Kulturgunean. Mariachis Dominguez taldeak emango dio amaiera egunari, kalejira eta berbena doinu mexikarrekin animatuz.

Bihar, Karmen Txiki

Jaiak urtean behin soilik ospatzen direla eta, markinarrek ez dute atsedenerako betarik uzten. Igande goizean, Karmen Txiki eguna hasteko, txistulariak irtengo dira berriro kalera, herritarrei festarako deia egitera. Bazkarirako gosea pizteko, esku pilota partidak eta eskolarteko txirrindulari lasterketak egongo dira, pilotaleku txikian eta Kareaga industrialdean hurrenez hurren. 12:30ean, Markina-Xemeingo trikiti eta musika eskolen kalejirak eramango du jendea Zelaira, han egingo baita, 14:30ean, urtez urte herritarrak batzen dituen herri bazkaria. Bazkalostean, Herritxoue izango da, antzerki eta playback lehiaketa berezia, herritarren parte hartzearekin.

Arratsaldean, Andoni Aretxabaleta pilotaria izango da protagonista. Izan ere, Markinarraren debuta izango da pilotaleku nagusian. Bengoetxea VI.arekin baterako jokatuko du, Berasaluze VIII.a eta Belokiren kontra.

Pilota gustuko ez duenak ere badu zertara heldu, 18:30ean Hau Dok Hau txarangaren kalejirak herriko kaleak zeharkatuko baititu. Ondoren, gautxoriek parranda luzatzeko aukera izango dute Trikizio taldearen erromeriarekin.

Euskal Herriko zenbait jaietan ohitura bihurtu da umeei egun berezi bat eskaintzea, eta Markinan ere hala egingo dute. Hortaz, astelehenean, karmenetako azken egunean, haurrak izango dira nagusi. Egun osoan umeen parkea egongo da Zelaian, puzgarri, ziklo-kart eta zezen mekanikoaren euskal bertsioarekin.

Goizean erraldoiek, buruhandiek eta txistulariek giroa animatuko dute. Arratsaldean, berriz, disko festa eta erromeria izango dira Goiko Portalean, eta gauean magia ikuskizuna eskainiko du Sun Magoak. Bestalde, jaietako zesta-punta txapelketako finalak jokatuko dira udal pilotaleku nagusian; arratsaldean, berriz, mus eta briska lehiaketak, Plazaberripean, helduek ere goza dezaten.

Amaitzeko, 23:30ean Alarabi erreko dute, eta horrekin, lau egunez luzatutako jaia itzaliko da. Festa gosez gelditzen direnek urtebete itxaron beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.