Ezarian. Zientzia

'Alavesia'-k izena aldatu du

Duela 110 milioi urte Araban bizi izan zen euli espezie bat bizirik aurkitu dute Namibian. Anbar fosil batean aurkitu zuten orain arteko lagin bakarra, 1999an.

xabier martin
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Ezuste handia izan da. Alavesia generoko eulia sailkatuta zeukaten adituek, baina soilik Anbar fosil biren bidez: bata, Arabakoa, eta bestea, Asturiaskoa (Espainia). Alavesia eulia duela 110 milioi urtekoa zen, dinosauroen arokoa. Orain, bat-batean, gaur egungoa da. Namibian aurkitu dute, eta bizirik. Dagoeneko ez da Alavesia, Bradley Sinclair eta Ashley Kirk-Springgs ikerlariek, eulia aurkitu duten adituek, Atelestidae familiaren barruan kokatu baitute. Ustez, duela milioika urte galdutako euli espeziea xehetasunez aztertzeko abagunea ez dute alferrik galdu. Ikerketaren nondik norakoak Systematic Entomology aldizkari espezializatuan argitaratu dute.

Mundu galdua

Antenen morfologiak eta hegoen nerbioen ezaugarriek bereziak egiten ditu aurkitu berri dituzten euliak. Namibiako Brandberg mendi lerroan egin dute aurkikuntza Bradley Sinclair eta Ashley Kirk-Springgs ikerlariek. Alorreko adituak aho zabalik daude duela milioika urte galdutzat jotzen zutelako euli hori, eta, hori dela eta, Brandberg mendilerroa mundu galdua izango ote den itxaropenak piztu ditu. Hots, galdutzat ematen zen euli bat aurkitu badute, zergatik ez beste espezie batzuk?

Namibiako basamortuaren ipar-ekialdera kokaturik dago Brandberg mendilerroa. 560 kilometro koadroko azalera hartzen du zirkulu baten formarekin, eta, itxura batean, ezuste gehiago eman ditzake, bere ekosisteman bizi diren intsektuak direla eta. Duela urte batzuk, soilik Baltiko inguruko anbar fosiletan ezagutzen ziren mantofasmido familiako intsektuak bizirik aurkitu zituzten han.

1906 arte joan behar da antzeko gertaera bat topatzeko. Orduan okapi bat harrapatu zuten Kongon; duela 30 milioi urte galdu zela uste zuten zoologoek. Lepo laburreko jirafa modukoa da okapia.

Brandberg mendia duela milioika urtera daraman leihoa izan daiteke. Intsektuek aldaketa handirik gabe euren garapena izango zutela uste dute adituek, mendilerroa bakarturik dagoelako; basamortuaren erdian baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.