«Ez da irizpide politikorik ageri eta ez da estilo liburu bat», ohartarazi du Asier Larrinaga ETBko Euskara Zerbitzuko arduradunak. Euskal Telebistako albistegietan lan egiten duten kazetarientzat kontsultarako eta albisteak prestatzen laguntzeko tresna baliagarria da, dena den, orain gutxi argitaratu duten esku-liburua.
Ikus-entzunezko komunikaziorako lana da Larrinagak egindakoa, adibide ugariz hornitua. Adibideetan aholkuak ematen dira, gaizki leudekeen esaldiak baztertuz. Gainera, aurkibide-laburpenak aholku guztiak laburbildu eta aholku bakoitzari dagokion orrialdea seinalatzen du.
Bost atalez osatuta dago Euskarazko albistegietarako esku-liburua II. Honatx banan bana atalen edukietako batzuk:
1-Albiste-testuen ezaugarriak
Albiste-testuek hiru ezaugarritan erakusten dute beren-beregikoak direla albistegietarako. Lehenik, informazioa emateko erabiltzen dira. Bigarrenik, ahoz zabaltzen dira. Hirugarrenik, soinuz eta irudiz laguntzen dira. Berria prestatzen amaitutakoan, kazetariak berriro irakurtzen du idatzitakoa, eta arretaz egiaztatzen du testuak zer dioen, adierazte-arazoak detektatzeko: ezkutuko esangurak, datu okerrak, informazio-hutsuneak... Euskal Irrati Telebistan albisteak euskara batuan zabaltzen dira. Informazioa errazago ulertzen da esaldia modu aktiboan jartzen bada. Euskaraz egin daitezke esaldi pasiboak, baina ez dira informazioa aditzera emateko modurik egokiena.
2-Egitura eta antolamendua
Kazetariak lehenik aintzat hartzen du testuak zein kokaleku duen albistegiaren barruan, eta zelan lotzen zaien albistegiko beste batzuei. Bigarrenik, eman beharreko informazioa kontakizun batean antolatzen du. Hirugarrenik, kontakizun horretako esaldi bakoitza ondo egina izatea zaintzen du. Aurkezleak, informazioa azaltzeaz gainera, albistegiari batasuna ematen dio, eta ikus-entzuleak gidatu egiten ditu. Estrategia ona da informazioa aditzaren inguruan antolatzea.
3-Bost koordenatuak
Nor, zer, noiz, non eta zergatik galderei erantzunez gero, istorioa osorik kontatuta dagoela jotzen da. Albiste-testuetan ondo identifikatu behar dira gertakizunetako protagonistak. Askorekin nahikoa izaten da izena esatea, baina identifikatzeko modurik formalena kargua, lanbidea edo datu biografikoak gaineratzea da. Kazetariak balioesteekin eta iritziarekin lotutako hitzak saihestu egin beharko lituzke. Kirol talde bat aipatzean haren hiriaren edo lurraldearen izena erabiltzen badugu, euskarazko forma hartzen dugu.
4-Eduki nagusiak
Informazioa zehaztu egin behar da, datuz hornitu, ikus-entzuleek euren iritzia egin ahal izan dezaten. Inoren berbak jasotzen direnean, albiste-testuan gauza biak zehaztu behar dira: berbak eurak, eta nork esan dituen. Albiste-testuetan, kontakizun bat osatzeko, nahitaezkoa da egoerak, bitartekoak, moduak eta abar azaltzea. Osterantzean, testuinguruaren berri eman gabe, testua sinopsi hutsa izango litzateke.
5-Ahoskera eta doinuera
Esateko modua desegokia bada, komunikazioa zaildu egiten da. Kazetariak hiru mailatan jarri behar du arreta: banakako ahots eta hitzetan, hitz-multzoetan, eta esaldi eta testu osoetan. Euskadi Irratian eta Euskal Telebistan Euskaltzaindiaren Euskara batuaren ahoskera zaindua erabiliko da erreferentzia moduan. Testua ahots goraz esan ahala, kazetariak mezuaren esanguretara egokitzen ditu modulazioa, tonua, erritmoa, etenak eta enfasiak. Horrela, albiste-testuari zentzua eta batasuna ematen dizkio.
Albistegietarako testu egokien bila
'Euskarazko albistegietarako esku-liburua II' argitaratu du Euskal Telebistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu