Aldaketen lekuko

'El observatorio de Igeldo' kaleratu dute, Igeldoko behatokiaren historiaren inguruko liburua. Hedabideek emandako trataera ere aztertu dute lanean.

Igeldoko behatokian 1928. urtean erabiltzen zuten termografo eta hidrografoa. IGELDOKO BEHATOKIA.
Ilargi Agirre.
2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Eguraldi txarraren berri bakarrik ematen zuen hasiera batean. Itsasotik galerna edo ekaitza etorriko zela susmatzean pasatzen zuen abixua, kaleetan jarritako kartelen eta egunkarien bidez. Horregatik jarri zioten aita Borrascas ezizena. Juan Miguel Orkolaga bikarioa oso maitatua zen arrantzaleen artean. Bizitza asko salbatu zituen bere eguraldi iragarpenekin. 1912ko galerna indartsua aurreikusi zuen —24 ordu lehenago—, eta itsasontzi asko portuan geratu ziren atera gabe. Bat- bateko eguraldi aldaketak irtendakoen artean tragedia eragin zuen. 143 arrantzale hil ziren; tartean, Bermeoko 115 pertsona.

Igeldoko behatokiaren sorrera Orkolagarekin lotuta dago ezinbestean. Zarauzko bikarioak bultzatu zuen ekimena. Eguraldi behatokia Matxitxakoko lurmuturrean jartzea zen haren hasierako asmoa, baina iritziz aldatu zuen Igeldok kokapen hobea zuelakoan. «Ez zen estatutik, goitik sortu, gizartearen beharretatik baizik. Gipuzkoako Diputazioak diruz lagundu zuen», azaldu du Felix Llanosek. Deustuko Unibertsiteatean irakaslea da, eta El observatorio de Igueldo liburua kaleratu berri du. Ana Isabel Recalde, Begoña Sanz eta Asuncion Urzainkirekin batera idatzi du. Behatokiaren historiari begiratua emateaz gain, eguraldi iragarpenek hedabideetan edukitako islada aztertu dute lanean.

XX. mende hasieran, meteorologia ez zen zientziatzat hartzen; sinesmen eta fede kontua iruditzen zitzaien iragarpenak egitea. Lan askoren ondoren, 1905eko azaroaren 8an ireki zuten behatokia. Bikarioaren alboan egon zen momentu oro Pedro Orkolaga anaia, laguntzaile gisa. 1914an Juan Miguel hil zenean, Pedrok berak hartu zuen zuzendaritza. «Behatokia gainbeheran sartu zen. Diputazioak zalantza handiak izan zituen behatokiaren etorkizunaz», esan du Llanosek. Baina aurrera jarraitu zuten.

Frantziarrentzat, puntakoa

1927an, Mariano Doportok freskotasuna ekarri zuen berriz ere Igeldora. Zientzian gizon jantzia; Europan eta AEBetan meteorologiaz argitaratzen ziren azken argitalpenak kontrolatzen zituen. Korronte berriak bereganatu, eta modernizatu egin zuen behatokia. 1927tik 1936ra bitartean bere garairik oparoenak bizi izan zituen. «Frantziako meteorologoek aitortzen zuten Igeldo puntako behatokia zela. Baina, 1936ko gerra hasi zenean, Doportok ihes egin behar izan zuen». Bilbotik eta Santandertik pasa ondoren, Valentziara joan zen, errepublikanoen aldera. Eguraldi txostenak pasatzen zituen han. Militarren eskuetan geratu zen orduan behatokia. Jose Ramon Larrarteren gidaritzapean gerrarako baliatu zuten, frankisten hegazkin militarrei informazioa eskainiz.

Behin gerra amaituta, Nazioaren Zerbitzu Meteorologikoaren sarean sartu zen, eta Karlos Santamaria jarri zuten zuzendari. Halaxe iraun zuen 40 urtez. «Protagonismoa galdu zuen behatokiak». Trantsizioa iritsita, Jose Inazio Alvarez Usandizagak hartu zuen kargua. Asko zor dio gaur egungo behatokiak Usandizagari; instalazioak ez automatizatzeko borrokatu zen, eta horrek mantendu dio hain berezko duen izaera. «Makinak meteorologoen lana ordezkatzen ari ziren; behatze lanetan gizakiak duen garrantzia baloratzen jakin zuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.