Prest dago ESAITek antolatutako XI. Mendi Martxa. Amaiurren hasi (Nafarroa) eta Lizartzan (Gipuzkoa) bukatuko da, zortzi eguneko mendi ibilaldia izango da eta Hamaika pauso selekzioak lortu arte. Inposiziorik Ez! lelopean egingo dute. «Duela 11 urte pentsatu genuen mendian ere zerbait egin behar zela, eta hasiera batean urte batean egitekoa zena urteekin finkatu egin da. Horren arrazoi nagusia jendeak eskatu izana da», adierazi du Txiki Falerok, ESAITeko kide eta antolatzaileetako batek.
Amaiurren hasi eta Urdazubin amaituko da lehen etapa. Hurrenez hurren, Sara, Lesaka, Oiartzun, Goizueta, Leitza eta Lizartza izango dira gainerako etapateko helmugak. «Aurten, Amaiurren, 500. urteurrena gogoratuko dugu, eta, beraz, ez da kasualitatea Mendi Martxa handik hastea; Lizartzan bukatzea kasualitatea ez den bezala, zortzi urtez herrian jasan dutena jasanda erakutsitako grinagatik», esan du Falerok, herriaren nahiaren aurkako PPren agintaldia gogoan zuela.
Nekeari aurre egiteko, egun bateko atseden eguna izango dute Oiartzunen, baina aspertzeko denborarik ez dute izango, aldarrikapen jaia ospatuko baitute abuztuaren 3an.
Parte hartzeko, ez da eliteko kirolaria izan behar, baina sasoi egokian egotea komeni da, eguneroko gorabeherak eta iraupenak kontuan harturik; eguneko 7-8 ordu ibiliko dira. «Ez da beharrezkoa mendizale sutsua izatea. Hori bai, inoiz kirolik egin ez duen batek gaizki pasa dezake», ohartarazi du Falerok. ESAITek eskura dituen baliabideak jarriko ditu, jendeari erraztasunak emateko. «%60-70ek egiten dute zeharkaldi osoa. Zeharkaldi erdia egiten dutenak ere badaude, eta, azkenik, egun solteetan parte hartzen dutenak».
Amaiurrera joateko, bi autobus zerbitzu egongo dira: bata Donostiatik aterako da, eta bestea, Bilbotik. Azken horrek Durango, Eibar eta Zarautzen egingo ditu geldialdiak. Martxa bukatutakoan, itzultzeko ere zerbitzu berdina eskainiko dute. Tarteko ibilbide batean parte hartu nahi dutenek beren kabuz moldatu beharko dute bertaratzeko.
Lotarako eta dutxatzeko lekuak lotuta dauzkate antolatzaileek, eta ibilaldi bakoitzaren amaieran pilotaleku, eskola edo kiroldegiren batean egingo dute lo, dutxa on baten ostean.
Goizean goiz, antolatzaileen esku geratuko dira gosaria eta txangoan zehar behar diren ogia eta fruta. Zortzi egunez mendian aritzeko beharrezkoak diren gainontzeko gauzak ibiltariaren esku geratuko dira; hala ere, normalean, ibilbide bakoitzaren helmugako herrian afaria prestatuko dute. Beraz, nahi duenak aldez aurretik ordaindu eta afariaz gozatu ahalko du.
Gainera, ibilaldian zehar beharko ez diren gauzak eramateko, kamioi bat jarriko dute antolatzaileek. Beraz, nahikoa izango da gainean bizkarzorro txiki bat eramatearekin.
Mendi martxa osoan argazkiak atera, eta amaieran, oroitzapen gisa, DVD batean emango dizkiete parte hartzaileei. Bide batez, antolatzaileek gosariak prestatzeko, logelak goizero garbitzeko, kamioia kargatzeko, bidea markatzeko eta horrelako zeharkaldi bat aurrera eraman ahal izateko laguntza eskatu dute, horretarako antolatzen diren taldeetan parte hartuz.
Zeharkaldian parte hartzeko [email protected] helbidera idatzi edo telefonoz deitu behar da (615-00 42 02 eta 617-16 89 68). «Orain artean 70 pertsona inguruk eman dute izena. Guk, gehienez, ehun pertsona onartzen ditugu, antolakuntza eta koordinazio arazoak egon ez daitezen. Jakin badakigu jende askok azken unean ematen duela izena. Hortaz, esperotakoa beteko dela pentsatzen dugu», adierazi du Falerok.
Aldarria Amaiurtik Lizartzaraino
Selekzioen ofizialtasunaren alde ESAITek antolatutako mendi martxa larunbatean abiatuko da, AmaiurtikZazpi etapatan lotuko dituzte Amaiur eta Lizartza, eguneko 20-30 kilometro ibilita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu