Aldarrikapenaren inauteriak

Piratek, pailazoek, fraideek eta askotariko pertsonaiek Euskal Herriko kaleak bete zituzten atzoko mozorro desfileetan.

MIKEL CARRAMIñANA BILBO
2008ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Otsailarekin batera etorri dira aurten inauteriak eta, dagoeneko, Euskal Herriko herri ugaritako kaleetan agerikoa da parrandarako gogoa dela nagusi. Zergatik? Pertsonaiarik harrigarrienak topa daitezkeelako nonahi: laminak, mojak, zaldunak, antzinako egiptoarrak, animaliak eta panpinak, gutxi batzuk aipatzearren. Toki askotan inauteriak duela egun batzuk abiatu zituzten arren, atzokoa izan zen desfile handi eta koloretsuak egiteko eguna. Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, esate baterako, milaka lagun atera ziren kalera mozorroak jantzita eta festan murgiltzeko asmoarekin. Nafarrak izan ziren goiztiarrenak, eguerdian egin baitzuten desfilea, eta, gainerakoetan, arratsaldez egin zituzten. Bilbon, azken urteotan bezala, bi desfile izan ziren: Udalak antolatutakoa, batetik, eta konpartsek sustatutakoa, bestetik.

Azken horretan, aldarrikapenak ezinbesteko lekua izan zuen; izan ere, Bilboko konpartsek prestatutako 15 karrozetan, hirigintzarekin, ingurumenarekin, kapitalismoarekin eta bestelako gaiekin lotutako mozorroak prestatu zituzten. Jai batzordearen baitan izandako tirabirak, hein batean, aurre zentsurarik onartuko nahi ez zutelako gertatu ziren. Iragarritakoa egiaztatzeko, lehenengo ibilgailuan Azkuna alkatearen irudi barregarri bezain erraldoi bat jarri zuten. Guztira, 25 karroza prestatu zituzten desfilerako, bakoitzak musika eta apainketa bereziarekin: Kristoren prozesioa Life of Brian filmeko kantu xelebrea, Always look on the right side of life, entzuten zela, gospel koru beltz bat, diruaren ikurrak gidatutako Guggenheim ibiltari bat, ertzainek babestutako abiadura handiko tren bizia eta Kaskagorrikoen inurritegi borrokazalea, besteak beste.

Hurtado Ametzaga kaletik igaro arren, bilbotar ugarik babestu zuten konpartsen desfilea eta, nahi izan zuten guztiek, mozorroen kalejirarekin bat egin zuten. Kale Nagusian, beranduxeago, Udalak antolatutako desfilea abiatu zen eta, bukatu ondoren, aratustodromoa izeneko guneetan banatu zuten Bilboko erdigunea,bakoitzean joera desberdineko ikuskizunak eskaini zituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.