Aldudeko bizia dastatzeko feria

Ibarrak bi urtetarik antolatzen du feria, eta aurten hamargarrengoz segituko du, bihar hasi eta igande arte

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2010eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Laborari, arrain hazle, ofiziale, ostaler, Aldudeko ibarrean (Baxenabarre) bada langile, eta bada bizi. Horretaz konbentziturik eta konbentzitu nahian, Banka, Aldude eta Urepele herriek osatu ibarreko feria abiaraziko du bihar lekuko lan sektoreetako ordezkariek osatu elkarteak.

Zehazki, xedea hau du feriak: «Erakustea hemen ere anitz jende lanean ari dela oraino. Anitz egin daiteke hemendik, anitz gauza bada egiteko, ikusteko», azaldu du Pantxika Larramendik, elkarteko kide eta Aldudeko Erreka gorri aterpetxeko arduraduna denak. Hots, bi hitzez laburbiltzeko, erran bezala, erakustea «badela bizi bat». Eta baita, bide batez, frogatzea bizi hori ez dela hain urrun: «Baionatik eta, beti erraiten dute: 'ufa... urrunegi da!'. Baina ez gara hain urrun ere!». Eta iduriz, badira bat baino gehiago horretaz konbentzituak. Nahiz eta zaila den jakitea, 3.500 eta 4.000 artean zenbatzen dituzte feriara biltzen diren bisitariak.

Bi urtetarik antolatua, 20 urte beteko ditu aurten hamargarren feriak. Iraupen hori bera ekimenaren garrantziaren adierazle da, Larramendiren ustez. Gainera, feriak urte osoan ere badu oihartzun: «Artean badira heldu direnak, ibilaldi bat egiteko, edo gasna bat erosteko... Aterpetxean urte guztiz heldu zaizkit batzuk, ferian ezagutu eta lekua».

Ekimenaren jatorrian, Pierre Oteizak euskal xerriaren enpresa eta saltokiko ateen irekitzea dago. 90eko hamarkada hasieran herritarrei eta ingurukoei bere denda bisitatzeko gomita egin zien. Horri loturik sortu zen, laster, feriaren antolakuntzaz arduratzen den elkartea. Oteizaren enpresa baino haratago, ibarreko jarduera nagusia laborantza izaki, laster laborantzari ireki zen feria. Alabaina, feriako saio jendetsuenak beti izaten segitzen du larunbat goizeko abereen erakustaldi eta lehiaketak, Aldudeko plazan egiten denak. Urteak aitzinatu arau, egitaraua osatzen joan da elkartea. Aurten, indar berezi bat eginen dute baita, zikinen kopurua txikitzeko. Baso berriak abian jartzeaz gain, esku orriak papera berrizkagarriarekin eginak dituzte.

Ofizialen herrixka baita

Bisitari bakoitzari asetzekoa eman nahian hainbat jarduera aldizkatuko dira igande arte. Ibarreko ofizialeen ezagutarazteko, Aldudeko Andre Arranbelen lurretan, plazatik hurbil, ofizialeen herrixka jarriko dute. Etzi estreinatuko dute 15:00etan, eta ondotik igande arte egonen dira hor. Bide batez, xingar idortegi kolektiboa bisitatzea proposatzen dute, baita Bankako arrain hazkuntza ere. Merkatuak ere muntako dituzte. Larunbat eta igandean, Aldudeko Alfaro ostatuaren ondoan 10:00etatik 19:00etara, eta igandean, gainera, Bankako plazak ere ukanen du berea. Bestalde, XIX. mendeko jantzien erakusketa jarriko dute Erreka Gorri Aterpetxean.

Beste jarduera batzuk aipatzeko, igandean 09:00etan feriako 15 kilometroko lasterketa partituko da. Izenak lekuan berean eman daitezke. 15:30ean, betiere igandean, artzain-txakur txapelketa dute Esnasun. Eta guztia bururatzeko, afaria Urepeleko ezker paretan, Jose Angelek animaturik. Funtsean, egunero izanen da zer jan eguerdi eta arratsetan. Pilota partidak ere izanen dira aste buru osoan. Urepelen beti, larunbatean, ibarreko kantariek eta Kantuka korua ariko dira elizan.



Zenbait hitzordu

BIHAR

19:00etan. Ardi buru beltzaren geroaz eztabaida publikoa,Aldudeko zinema gelan.

LARUNBATA

09:00etatik 12:00ak arte. Feria eta abere lehiaketa Aldudeko plazan.

19:00etan. Kantaldia eta afaria Urepelen.

IGANDEA

09:00. Ibarrean gaindi, 15 kilometroko lasterketa

15:30. Artzain-txakur txapelketa Esnasun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.