Aurreneko aldiz Euskal Herriko profesional batek Emmy Internacional sari bat jaso du. Alex Pina gidoilari eta ekoizleak (Iruñea, 1967) sortu zuen La casa de papel telesaila Atresmedia taldearentzat, eta azkeneko hilabeteetan sekulako arrakasta ari da lortzen munduko hainbat herrialdetan. Emmy Internacional saria jaso zuen atzo gauean Pinak, eta gainontzeko hautagaientzat hitz onak izan zituen: Inside Edge (India), Um contyra todos T2 (Brasil) eta Urban Myths (Erresuma Batua). "Emmy sari hau mirari zoragarri bat da. Fikzioan eskainitako begirada ezberdin bat saritzen du; beste begirada bat eskaintzen du genero estatubatuar batean: atraku perfektua; fikzio honetan, bestalde, pertsonaiak tramak bezain garrantzitsuak dira", esan du Pinak. Sonia Martinez Atresmediako fikzio zuzendariarekin batera jaso zuen saria.
Telesailaren lehen bi denboraldiak Antena3 kateak eman zituen. Netflix plataformak erosi eta mundu osoan jarri zuen ikusgai bere harpidedunentzat. Orduan bihurtu zen fenomeno. Azaroaren 7an, telesail onenaren Fenix saria jaso zuen Mexiko Hirian.
Hirugarren denboraldian, Euskal Herriko bi aktorek parte hartuko dute: Itziar Ituño eta Najwa Nimri.