•Antipartikulen ekoizpena. Antihidrogeno atomo bat osatzeko, antipartikulak ekoitzi behar dira aurretik. Antiprotoi bat eta positroi bat (antielektroia) behar dira, hidrogeno atomorako protoi bat eta elektroi bat behar diren bezala. Zuzenean partikulak batu beharrean, abiapuntuan, antiprotoi eta positroi lainoak sortu behar dira.
Antiprotoi lainoa osatzeko, energia handiko protoiei jomuga estazionario baten aurka talka eginarazten zaie azeleragailu batean. Gero, antiprotoiak hoztu eta moteldu egin behar dira. Eraztun dezeleragailu baten eta tranpa elektromagnetikoak diren edukiontzi bidez lortzen dute hori CERNen.
Positroiak iturri erradiaktibo batetik hartzen dira. Sodio isotopo batek desintegratzerakoan igortzen dituenak izan dira kasu honetan, tranpa berezi batean bildu eta hoztutakoak.
•Antimateria atomoen osaketa. Antihidrogeno atomoak osatzeko, antiprotoi eta positroi lainoak tranpa magnetiko supereroale batean injektatzen dira. Barnean, karga neutroko antihidrogeno atomoak gelditzen dira eta atomoetan integratu ez diren antiprotoi eta positroi karga eramaileak atera. Hala ere, euren spinengatik eta osagaien kargen banaketagatik atomo hauek momentu magnetikoa dute, hots, nahikoa energia eremu magnetiko bidez harrapatuak izateko.
•Antimateria atxikitzen.Antihidrogeno atomo gehienak oso bizkor mugitzen dira, eta energia zinetiko txikiena duten atomoak soilik harrapatu, atxiki ahal dira. Nola? ALPHAko tranparen ezaugarri nagusia zortzi polo magnetiko dituen iman bat da. -264,15 graduko tenperaturan, hutsean sortutako eremu magnetiko gradientearekin antihidrogeno atomo motelenak edukiontziaren erdigunean mantentzen ditu, hormetatik urrun, materiak ez dezan antimateriarekin bat egin, hots, deuseztapenik ez gertatzeko.
•Antimateria detektatzen eta identifikatzen.Eta, bat-batean, zakarki, bederatzi milisegundoan, zientzialariek iman supereroalea deskonektatu egiten dute. Eroale bihurtuta, une batez atxikitako antihidrogeno atomoei ihes egiten uzten die imanak. Antimateria atomo horiek hormetako materiarekin bat egin eta deuseztapena gertatzean, sortzen den energia—hots, antihidrogenoaren aztarnak— detektatuko ditu orduan detektagailuak. Aurretik ordenagailu bidez egindako simulazioetan ateratako emaitzak erabili dituzte, batez ere, imana deskonektatu aurretik edukiontzian —eremu magnetikoan— harrapatuta gelditu eta gero askatu diren antihidrogeno atomoak detektatzeko.
•335 saio. ALPHA laborategiko zientzialariek guztira segundo bakarreko 335 saio egin dituzte antihidrogeno atomoak sortu eta biltzen. 10 milioi antiprotoi eta 700 milioi positroi ekoitzi dituzte guztira, eta detektagailuen bidez, edukiontzian 172 milisegundoan atxikita gelditu ziren 38 antihidrogeno atomo zalantzarik gabe identifikatu zituzten.
Saio bakoitzean, denbora tarte horretan atxikitako gutxienez ehun antihidrogeno atomo beharko lirateke, haien inguruan behar bezalako azterketei ekiteko.
ALPHAn erdietsi dutena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu