Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak

Amaiera zaporetsua

Ehunka jatun bildu dira sagardoan egositako txorizoa eta pintxo eusko labeldunak probatzera

Txorizoa eta garagardoa, eskaintza tentagarria. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Jaietan indarrak amai ez daitezen derrigorrezkoa da dieta egokia jarraitzea. Jai eremutik atera gabe ere horretarako tartea dago, eta zenbaitetan hutsaren truke ere egin daiteke: Belakiak kuadrillak prestatutako urdaiazpiko dastatzea, Gasteiztarrak taldearen Ganba Jana... Azken egunean Alegrios kuadrillako blusek eta neskek hartu dute hamaiketakoa emateko ardura, eta, ohiturak agintzen duen bezala, ilara luzea egin dute gasteiztarrek ahalegin hori eskertzeko.

Boilur Arabako Gastronomia Elkarteen Federazioak hartu zuen mila pintxo prestatzeko ardura, baina sukaldari guztiak ez zeuden menuarekin guztiz ados. «Sagardoan egositako txorizoa... Jaietako azken egunean ez naiz gai horrelakorik jateko». Eguerdiko hamabietan pintxoaren zain zegoen jende ilarak Artium museoaren plaza zeharkatzen zuen, txorizoaz gain garagardo bat eta lastozko kapela bat jaso ahal izateko. Hain zen luzea ilara, non bertatik pasatu ziren gautxoriak ere ez ziren geratu.

Menu finagoa prestatu zuen Eusko Labelek arratsaldean; oilasko eta hegaluze pintxoak, 2.500 pertsona inguru asetzeko. Goizean ez bezala, pintxo bakoitza euro batean saldu zuten, eta bildutako dirua Apdema elkarteari eman zioten, Araban adimen urritasuna duten pertsonen alde lan egiten duen elkarteari. Ekimenaren arrakasta zazpiak baino lehen ere aurrera zitekeen. Ordu horretan hasi behar zuen arren, lehenagotik ere dozenaka pertsona zeudelako zain, jaiei amaiera zaporetsua emateko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.