Daniel Tamayo. EHUko Arte Ederretako Pintura irakaslea

«Amaitu bako obra batek egilearen bidea sumatzen uzten du»

xabier martin
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Pintorea eta pintura irakaslea da Daniel Tamayo (Bilbo, 1951), EHUko Arte Ederretako Fakultatean. Sormen prozesuaren inguruan ikertu du, halaber. Obra amaitu baten eta amaitugabe baten aldea «oso txikia» izan daitekeela dio.

Obra bat amaitzea sormen prozesuaren parte da. Nola erabakitzen du artistak obra bat bukatu dela, osorik dagoela?

Horri buruz luze-zabal hitz egin daiteke. Baina, nire ustez, modu bakarra dago artistak obra bukatu duela erabaki dezan: egileak berak obra publikoari erakustea, alegia. Horrekin batera obra hori amaitutzat jotzen duela uler daiteke. Gertatzen da, ordea, hainbat obra amaitu gabeko itxura dutela, eta egilearentzat, berriz, amaiturik daude. Kontua da artistak obra egiten ari den bitartean hastapeneko ideiak alda ditzakeela, obraren garapenak beste bide batzuk zabaltzen dituelako.

Zer-nolako ekarpena egiten dute obra amaitugabeek artean?

Oso interesgarria da halako obrak egotea artea ikertzen dutenentzat; obra horiek egin dituzten artisten metodoak azaleratzen dituzte. Erabat bukaturik dagoen obra klasikoan ezin dugu ikusi zein urrats egin dituen egileak, ezin dugu sormen lanaren garapena ikusi. Lantegian geratu ziren obra asko daude, ordea, egile ezagun askorenak, eta, agian, ez dira hain ederrak izango, hain zuzen bukatu gabe daudelako, baina artistaren bidea sumatzen uzten dute, obra amaitu batean ikusezina den bide hori.

Dena den, pintura amaitu baten eta amaitu gabeko baten aldeak sotilak izan daitezke hainbat kasutan. Ikusle ugarik ez lukete desberdintasun handirik atzemango.

Jakina, egileek ere zalantza ugari izaten baitituzte obra amaitutzat emateko. Pintura bukatu eta hura behin eta berriro aztertzen dute aldaketa txikiren bat egin behar ote duten erabakitzeko. Azkenean, obrari buelta ematen diote eta kito. Ez dute berriz ikusi nahi tarte batean, beste aldaketaren bat egitea bururatuko ez ote zaien beldurrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.