Lurrean eseri gara, amak eskuetatik heldu izan baligu bezala. Ez ditugu lotuta sentitu, erakarrita baizik. Lurraren taupadekin batera mugitzen ari gara, dardara batean!
Biharamunean jakin dugu Piscon ehunka lagun hil direla, Huarazera itzuleran goazela. Han hasi zen gure abentura.
Huaraz, oinarrizko kanpalekua
Huaraz 3.100 metrora dago, mendiz inguratuta. Hasiera-hasieratik etxean bezala sentitu gara. Atera kontuak, gure gidari Aritza Monasterioren jatetxeak Euskalerria izena zuen, eta non egongo gu lotan eta San Sebastian hotelean!
Andeetan poliki-poliki hasi behar da. Ez dago presarik. Huaraz inguruan txangoa egin dugu aurreneko egunean, altuerara egokitzen hasteko. Arnasa luzekoa izatea komeni da. Bestela pott!
Huarazi gero arte esateko tenorea iritsi da. «Suiza peruana» dioen autobusa hartu eta Huayhuash mendikaterantz abiatu gara, mendiaren bihotzera. Aldapan beherakoak eskaintzen duen behatokia mugagabea da. Huallancara iritsi gara. Iturri ondoan bazkaldu dugu, haurren jolasei begira. Ordu pare bateko bidea dugu oraindik, bide malkartsua. Termometroak behera egin du kanpoan, nabarmen. 4.180 metrora gaude, Cuartel Huayn izeneko lekuan. Han daude astoak eta astazainak, gure zain.
Mendian gora
Negua da hego hemisferioan. Termometroak zero azpitik 5 gradu markatzen ditu; merkurioa izoztuta dago ia.
Mendilepoak ditugu lehen helburu. Ordurako eguzkiak begiak zabalduko ditu. Gaurko lepoa 4.700 metrora dago; Cacanan Punta. Ur bihurgune batzuk ikusi ditugu, larrean marraztuta. Astoak gure ondotik igaroko dira, luze gabe. Hain garbi eta xume, haiei esker gure bidea arinago egin ahal izaten dugu. Astoa mendizaleon arnasa da.
Ibar belartsuetatik barna Mitucocha lakura iritsi gara, bigarren kanpalekura. Guk aurrera jo dugu, inguruak sortzen zigun jakin-mina asetzera. Jirishanca (6.094 m) eta Rondoy (5.879 m) menditzarren altzoan gara. Goraxeago dago Ninancocha lakua. Kolore berde-zurixka du, glaziarraren izerdiak osatutakoa delako. Bi euskaldun ero beheko lakuan bainatu gara, 4.200 metrora. Ederki gorpuzberritu gara!
Salomon Zambranoren kondorra
Neska-mutilak mendian behera ikusi ditugu biharamunean. Peruko umeak hitz gutxikoak dira. Begirada triste eta lotsatia dute. Arropa lodiak daramatzate eta larruazala gogorra dute; masailak erreta. Goxokiak denen artean partekatzen dituzte. Gora eta behera bizi dira, Amalurrarekin jolasean.
Tarteka burrunba handi bat entzuten da. Glaziarretan izotz puska handiak beherantz erortzen dira, bortizki. Carhuacocha lakuaren bizkarrean Yerupaja (6.634 m) itzela ikusi dugu, gure gainera jausteko tentazioa balu bezala. Siula (6.344 m) eta Jirishanca Chico (5.445 m) atzean utzita, Peruko bigarren mendirik handienaren altzora iritsi gara.
Ingurua miatzera abiatu gara. Harrizko txabola bat aurkitu dugu bidean; lastozko teilatua du. Gizon bat ate ondoan dago eserita, patatak zuritzen. Salomon Zambrano izena du, eta istorio baten berri eman digu. «Duela zortzi urte hegazkin bat erori zen hortxe, Yerupaja mendiaren kontra. Denak hil ziren. Eta nik abesti bat sortu nuen, haien omenez». Salomon jatorra kantari hasi zen... «El condorcito negroooo...».
Kanpalekura itzuli garenean, istorioa kontatzen hasi gara. Artzain jatorrak istripua duela 8 urte izan zela esan digu, baina hori 1958an gertatu zela azaldu digu Aritzak!! Perun, mendian bizi direnei, eguzkiaren zikloak irudikatzen die eguneroko bizitzaren erritmoa.
Kasko urdinak eta larrialdietarako ikurrina
Amalurraren zainetatik isurtzen den odola beroa da, eta Viconga lakuaren ondoan ur termalak aurkitu ditugu!! Naturaren oparia da, eta bikain etorri zaigu bizarra kendu eta garbitu on bat hartzeko. Plastikozko ontzi urdinak buruan jarrita, kasko urdinen mendiko bertsioa irudikatu dugu, barre artean.
Biharamuna gogor samar hasi da. Hasieratik malda gogorra aurkitu dugu bidean. Goian haize mina. Cuyoc lepora iritsi gara, 5.000 metrora. Beherakoan irristakorra da bidea, harri txikien ondorioz.
Katalanek erronka jo digute: haiek senyera bat ekarri dutela eta non ote dagoen gure ikurrina. Ahaztu egin zaigu. Bazkalondoan bat egitea pentsatu dugu: poltsa gorri bati plastikozko bi zerrenda berde kateorratzekin lotu, eta esparatrapu zuri batekin gainean gurutzea jarri diogu. Nahiko dotorea geratu da larrialdietarako ikurrina!
Hurrengo egunean Jurau lakura hurbildu gara. Igoera gogorra da. Mundua zabaldu zaigu San Antonio lepoan. Haize hotza dabil igarobide honetan ere, eta mendikate itzela aurrean dugula, zulo handi baten ondoan ikusi dugu lakua, berdez jantzita. Jaitsiera luzea eta labainkorra da.
Siula Grande (6.400 m) mendi ospetsura hurbildu gara. Han, istorio latz bezain hunkigarria jazo zen aspaldi, gero Touching the void liburu ospetsuan jasotakoa. Gu kanpadenda jarri zuteneko lekuan izan gara, harri kozkor bitxi baten aurrean. Eguzkiaren azken printzek Sarapo eta Siula anaiak ikusteko aukera eman digute. 1.200 metroko hormatzarrak hegoko isurian.
Gora ta gora beti...
Izerdiak eta arnasak ez dute etenik. Gaur, beherantz abiatu gara. Herri bat, azkenean! Huayllapara heldu gara. Bi orduko sartu-irtena zibilizazioan.
Huatacera igoera gogor samarra da. Lehenago bazkaltzen geratu gara, indarra hartzeko. Halako batean, erabat harritu gaitu emakume batek: asto baten atzetik doa, gorako bidean, puntua egiten!!! Paseotxo xume eta erosoa balitz bezala doa, txapel loreduna, jaka koloreduna eta gona astuna soinean. Gu atzetik joan gatzaizkio, izerditan.
Gure ibilbideko sabaira hurbiltzen ari gara:Diablo Mudo edo Suerococha (5.350 m). Goizaldeko 03:30erako martxan jarri gara. Iluntasunean kopetako ipurtargiek zuzentzen dute gure bidea. Harrizko uholdea zirudien erdiko igoerak, baina halako batean elur eremura iritsi gara. Han kranpoiak eta arnesa jantzi, pioleta eskuan hartu, hirunaka lotu, eta gora!
Paisaia ikusgarria da, eta egunsentiarekin batera urrutian han ikusten da Huascaran (6.678 m) handia ere. 15 metro inguruko horma bat sokatik zintzilikatuta jaitsi eta gero, azken txanpari ekin diogu. Senyera izarduna eta larrialdietarako ikurrina ederki astindu ditugu han goian! Aritza ere pozik dago. Diablo Mudotik haran guztiko tontorrak begiztatu ditugu. Jaitsiera amaiezina egin zaigu Jahuacocha lakuraino. Hala ere, merezi zuen. Bai horixe!
Pachamanca eta Pachamama
Atseden egunak amaiera usaina hartu du. Goizean paseo ederra eman dugu, Sarapococha laku aldera. Lakuaren ertzean geundela, glaziar puska batzuk erortzen ikusi ditugu, Rondoy mendiaren magalean. Orain ulertzen dugu zergatik den hain arriskutsua mendi horietara joatea.
Kanpalekura itzulitakoan zain geneuzkan astazainak eta sukaldariak, Pachamanca egiteko prest. Peruko jakia da, oso berezia. Lurrean zulo bat egin, eta harriekin iglu baten itxurako labe naturala eraikitzen da. Ia ordubetez egon dira barazkiak eta okela astiro-astiro egiten. Mahaian sekulako jan-festa izan da, eta ardoa ere bikain sartzen da haragiarekin.
Arratsaldean, jolasean, esketx bat grabatu dugu, adierazpen moduko bat, euskaraz eta katalanez. Tupac Amaru komandoaren agerraldia zirudien: «Pachamanca gustatzen zaigu, baina Pachamama maite dugu; haren dardarak bizi-taupadak dira guretzat. Gora Amalurra!».
Bidaiako unerik magikoena iristear zegoen. Denden kanpoaldean geundela, zerbait berezia sumatu dugu hankapean. Eskuak lurrean jarrita, bete-betean sentitu dugu Amalurra dantzan, eta gu eskutik helduta. Ia bi minutu iraun du. Nor izan da adierazpenean dardara aipatu duen profeta?
Lurraren taupada, munduaren dardara
Papertxoa prest nuen Jahuacochan goizean. Azken eguna zen. Peruko istorio hau laburbiltzeko kitxuara esaldi bat itzuli nahi nuen, Xabik bezperan adierazpena idazteko baliatu zuena: lurraren taupada, munduaren dardara. Izan ere, han bizitakoak kontraste itzela sortu zidan ohiko gizartearekin alderatuta. Batetik,mendiak eskaintzen dizun bakea, isiltasuna, gozamen eta hausnarketarako eremua zegoen; eta, bat-batean, hiriarekiko, eguneroko zalaparta eta presarekiko talka.
Baina esaldi hori erdibidean geratu zen. Agian bertakoek badakitelako lurrak zer ematen dien, Pachamamarekiko zer sentitzen duten, eta hori ondo gorde nahi dutelako. Beharbada horregatik, esaldiaren bigarren zatia bakarrik itzuli zidan Manuelek: Pacha Cuyun! Mundua dardarka ari da... beharbada, lurra taupaka dabilelako.
HUAYHUASHKO TREKKINGA
Kokapena. Peruko Andeetan,
Mendilerro Zuriaren hegoaldean.
Abiapuntua. Cuartel Huain.
Helmuga. Llamac.
Luzera. 165 km.
Punturik baxuena. 3.550 m (Huayllapa).
Punturik altuena. 5.350 m (Suerococha edo Diablo Mudo).
Iraupena. 11 egun (bat atsedenekoa).
Orduak batez beste. Egunean 6 ordu (gailurreko egunean 12).
Partaideak. 12 lagun.
Gidaria. Aritza Monasterio (Elgoibar, 1965).
Laguntzaileak. 2 sukaldari, 4 astazain, 22 asto eta zaldi-anbulantzia bat.
Mendi-zerga. Bakoitzak egunean 15 sol (4 Û inguru).
Aritzaren irakaspenak
Aritza. Artista, gure andinista! Zain egoten da esloveniarrak bisitan noiz joango, haiekin bide berriak urratzeko. Errespetu handia diote sukaldariek, astazainek eta beste gidari batzuek. «Profe» deitzen diote. Euskal Herritik Perura arnas bila joan zen, orain dela 16 urte, eta badira 14 han bizi dela, aske eta zoriontsu.
Jatorduetan Aritzak beti dauzka hamaika istorio, bitxikeria, gaztetako kontuak, pasadizoak, txisteak... Hango hitz eta esamolde bereziak ere erakutsi dizkigu: pata (morroi edo tipoa), darle vuelta (norbait akabatu), tranquilo como operado (lasai-lasai egon), choque y fuga (gau bakarreko amodioa), etab. Guk mendi gorri bat ikusi genuen. Aritzak azaldu zigun meatzearen zauria dela gorritasun hori. Lurra odolusten ari dira, multinazionalen mesedetan.