Arropa zaharrez betetako zorro batekin iritsi da Maria Jacinta Mendizabal. «Aizue, ba al dakizue birziklatzeko zein ontzitan bota behar den hau?», galdetu die ingurukoei eskuan duen poltsa seinalatuz. Inork ez daki erantzuna, ordea. Kalean jarrita dagoen kristalezko loft-era begiratu dute guztiek. «Atea jotzerik ba al dago?», esan du Mendizabalek. Berehala atera da Aitor barrutik, eta emakumea kafea hartzera gonbidatu du loft-ean, birziklatzearen inguruko azalpenak ematen dizkion bitartean. Ecovidrio eta Ecoembesen laguntzarekin, proiektu bitxia jarri du abian San Marko mankomunitateak Donostiako Gipuzkoa plazan. Handik pasatzen den edonork Aitor eta Olaia ikusiko ditu, 30 metro karratuko kristalezko loft baten barruan bizitzen. Helburua herritarrek ongi birziklatzen ikasi eta kontzientzia hartzea da.
Antzeztoki bilakatutako loft horrek logela, sukaldea eta egongela ditu, eta 10:00etatik 20:00ak arte bizi da han bikotea. Nola birziklatu behar den erakusten dio mutilari Olaiak. «Aitor ikasten ari da. Beti esaten diot; ohitura hartzea da garrantzitsua, eta, behin hori eginda, ez da ezer kostatzen». Aitorrek dio pixkanaka ulertzen ari dela hondakin bakoitza zein edukiontzitan bota behar den.
Internetez, streaming bidez ikus daiteke bikotearen bizimodua. Aktoreen arabera, kanpainak jakin-min handia sortu du herritarrengan; beti dute norbait kristalaz bestaldetik begira. Andoni Aduriz sukaldariaren eta Naroa Agirre kirolariaren bisitak ere jaso dituzte. Ez dute aspertzeko denborarik gazteek, etxeko ardura eraman behar baitute. «Erosketak egitera noa orain bazkaria prestatzeko, eta Aitorrek xurgagailua pasatuko du».
Informatzeko eskuorriak
Birziklatzearen inguruan beti egoten dira zalantza txikiak, bikotearen aburuz, eta horretarako daude argibideekin osatutako eskuorriak loft-aren kanpoaldean. Liburuxka horietako bat hartzen ari da Maite Berzosa. «Ai, ze grazia egiten didan», dio behin eta berriz. Aitor eskuarekin agurtu du eta aktoreak bueltan diosala egin dio. «Haren irakaslea izan nintzen Intxaurrondoko ikastolan», esan du Berzosak mirespen pixka batekin. Proiektuaren berri hedabideetatik jakin duela, eta jendeak kontzientzia hartzeko ideia ona iruditzen zaiola uste du. Gogoeta ere egin du: «Etxerik ez daukaten gazte askok hartuko lukete gustura horrelako leku bat bizitzeko».
Juan Mari Etxaniz eta Lali Fernandez senar-emazteakpasatu dira albotik. Fernandezek ez du askorik sinesten proiektuan. «Hemen dauzkagun gizonekin alfer-alferrik da birziklatzen erakustea», aitortu du erdi txantxetan senarrari begira. «Guk ez dugu ontzietan birziklatzen, baina gauza zaharrak ez dira zakarretara botatzen etxean. Beste zerbaitetarako erabiltzen ditugu. Ni aditua naiz horretan».
Gillermo Patxeko da begira dauden besteibiltarietako bat. Dibertigarria dela pentsatzen du. «Kaleko anaia handiaren parekoa da. Jakin-minez haiek ikusteagatik bakarrik pasatzen naiz hemendik noizbehinka». Hala ere, ez du uste balioko duenik benetan jendea kontzientziatzeko. «Bi aktoreri ordaintzea gehiegizkoa iruditzen zait». Igandera arte egongo dira Donostian, eta gero, bizilekuz aldatuko dira. Pasai Antxo, Lasarte-Oria eta Errenteria (Gipuzkoa) bisitatuko dituzte.
Anaia handia plazara
Herritarrek birziklatzeko kontzientzia hartzeko, kristalezko 'loft' batean bizi da bikote bat Donostian. Emakumeak gizonari hondakinak nola banatu erakusten dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu