Xuberoa Salanueva. Unai Salanuevaren arreba

«Anaiari gauza handia irudituko zitzaion»

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Unai Salanueva intsumisoaren familiak eta lagunek botako dute txupinazoa gaur, 20:00etan, Iruñeko Txantrea auzoan. Duela hamabost urte bere buruaz beste egin zuen Unai Salanuevak, eta txupinazoan egonen diren guztien izenean, Xuberoa Salanueva Unairen arreba gazteenak dio ohorea dela ekitaldiko protagonistak izatea. Suziria gurasoek piztuko dute, eta anai-arrebek eta lagunek hitz batzuk esanen dituzte.

Txupinazoa jaurtiko duzue gaur. Nola sentitzen zarete?

Batetik, urduri gaude. Ez genuen espero proposamena, eta zer esan ez genekiela gelditu ginen, harrituta. Bestetik, duela hamabost urte gertatutakoa gogorarazten dizu. Sufrimendu pixka bat badugu, baina poza ere bai. Ohore bat da txupinazoa botatzea, baina urduritasuna ere badago: prestaketa, zer esango dugun, nork egingo duen zer.

Anaiak pozik hartuko zuen gonbidapena?

Bai. Anaia oso lotsatia zen, baina gauza handia irudituko zitzaion. Guretzat oso polita da. Auzoa gogoratzen da berarekin, hamabost urte pasatu diren arren.

Hamabost urte joan dira. Nola zaudete familian?

Gurasoentzat gogorra izan da. Amari esan ziotenean aurpegia aldatu zitzaion. Batetik, poza, ilusioa eta ohorea dira, baina, era berean, gertatutakoa gogorarazten dizu, eta mingarria ere bada. Dena dela, egun ondo daramagu. Urte gogorrak pasatu genituen, eta familian antzeman zen, baina orain ilusioz gaude.

Nolakoa zen zure anaia?

Pertsona berezia zen. Isila eta lotsatia zen; baina, era berean, maitagarria zen. Armak ez zituen gustuko. Armen guztiz kontrakoa zen, eta oso argi zuen intsumiso izateko kontua. Bestalde, oso euskalduna zen. Guztiekin euskaraz hitz egiten zuen beti, eta lagunek ere hori azpimarratzen dute, euskarari zion maitasuna.

Txupinazoa bota eta gero, zer eginen duzue festetan?

Aurreko asteko maizterren aldaketa eta txupinazoaren unea oso bereziak izaten dira. Gero presoen aldeko brindisera joango gara. Antolatuta dauden hamaika ekintzetara joanez pasatuko ditugu festak, beti bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.