Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

699 egun Donostian

2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Azkenaldian Donostiara joaten naizen bakoitzean gauza bera gertatzen zait: ez dut ulertzen nola demonio irabazi ahal izan dituen Bilduk azken udal hauteskundeak. Probintzietako mentalitatea izango da, landa girokook —tujum— berezkoa dugun gutxiagotasun konplexua, baina aspaldi honetan kaskoan sartzen ez zaidan gauzetariko bat da hori. Aurreiritzi zaku bat naiz, bai; kosta egiten zait kaleko argazkia eta argazki politikoa bat eta berbera direla sinestea.

Eta nahasmendua are handiagoa zait orain, astelehenean ETB2n eman zuten 699 días de Franco en San Sebastián dokumentala ikusita. Espantagarriak iruditu zaizkit kontatzen dituenak. Pentsaezina dirudi orain hamarkada gutxi batzuk gertatutakoak direnik. 1939ko uztailaren 10ean, 36ko gerra artean bizirik, etorri zen lehen aldiz Franco Donostiara; eta 1973ko irailaren 17an bisitatu zuen azkena. Gauza jakina da Aieteko jauregian zuela udako egoitza. Ez, agian, hainbeste, bertan, gaur Bakearen Etxea den horretan, 28 ministro kontseilu egin zituela. Ez, agian, Carmen Polori Parte zaharreko dendariek trapurik garestienak opari eman behar zizkiotela. Mussoliniren suhiaren bisitak bozkarioa sortu zuela, Moscardo jeneralak txapela jarri ziola Atano III.ari, Himmler nazia ere etorri zela bisitan, Kataluniako presidente Companys entregatu, fusilatu eta hiruzpalau egunera.

Ez dakit gauza jakina den Franco lehen aldiz Donostiara etorri zenean iragan zituen Gipuzkoako udalek ongietorria egiten ziotela. Ez urte luzeetan giltz, aginte makila, seme kutun izendapen ugari bildu zuela probintziako udaletan. Ignazio Loiolakoaren basilika eta etxea bisitatu zale zela. Eta gaixo gure Hondarribia —beldurgarria da zenbat aldiz aipatzen den Hondarribia dokumental osoan—. Eta, noski, horiek bakarrik ez ziren izango. Baina horiek ere izan ziren, noski. Horiek eta Franco lehen aldiz Donostiaratu zenean, herritarren erdiak zeuden erbestean, kartzelan, 400 lagun fusilatuta. Francoren kontrako atentatu saioak izan zirela, 61ean, 62an, Josean Elosegik bere buruari su eman zionean; argiena, dokumental hasieran aipatzen dena, 48an, Kontxako estropaden aitzakian anarkista erbesteratu batzuek hegazkin batetik jenerala hil nahi baina ezin izan zutenekoa.

Ikusi beharreko dokumentala, inondik ere. Eta zer gutxi aipatu den, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.