Roberto Sarriugarte
Elikadura. Ardoxka

Ad Libitum (Maturana beltza)

2012ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Ardoez hitz egiten dugunean Ad Libitum esaten badugu, Juan Carlos Sancharen ardoez ari gara.

Ad Libitum.Tempranillo blanco eta Ad Libitum. Maturana tinta —biak 2008ko uztaldikoak— 2009ko maiatzean merkaturatu ziren lehen aldiz.

Juan Carlos Sanchak egiten ditu ardo horiek. Duela urte batzuk izan nuen harekin dastatze batean parte hartzeko aukera, eta haren jakituriaz eta apaltasunaz txundituta geratu nintzen. Haren bi ardoak apartak, bakanak eta bereziak dira. Tempranillo zuriz egindakoa munduan bakarra dela esaten ausartuko nintzateke, eta beste artikulu batean eskainiko diogu merezitako tokia. Gaur, maturana beltzaz egindakoa aitzakiatzat hartuta, mahats mota hori eman nahi dut ezagutzera.

Hasteko, Errioxako mahatsa dela esan behar da. Galtzear edo erdi desagertuta egon da, eta Fernando Martinez de Toda eta Juan Carlos Sancha ikertzaileek burututako lanei esker berreskuratu da mahats mota hori. Egun, hainbat upategik landatu eta lan egiten dute mahats horrekin, dituen aukerak izugarriak direlako.

Duela hiru urtetik edo, mahats horrekin ardoa egin bazitekeen ere, ezin zen mahatsaren izena etiketan agertu. Zenbait lehiaketatan-eta kritikarien onespena bazuten maturana beltzez eginiko ardo batzuek, eta hainbat upategitan esperimentala den cabernet sauvignonaren ordez erabiltzeko aukera ere aztertzen hasiak ziren; are gehiago, maturana Errioxakoa bertakoa dela kontuan izanda, eta bestearen antzekoa dela kolorean eta egiturari dagokionez, behinik behin.

Baina zer eskaintzen du maturana beltzak?

Pertsonalitatea (munduan bakana da); originaltasuna (Errioxakoa bertakoa), izugarrizko egitura, kolorea eta azidotasuna. Mordoa eta garauak txikiak dira, eta gaixotasunen aurrean nahiko gogorra da. Sancharen esanetan: «Tempranilloaren osagarri moduan bikaina da; nire ustez, cabernetak Errioxari eman diezaiokeena baino askoz interesgarriagoa»; «produktibitatearen presioak eta lurrak potasio gehiegiz ontzeak PHaren igotzea ekarri du, eta, ondorioz, tempranilloaren azidotasunak behera egitea. Maturanak, azidotasunaz gain, izugarrizko zama polifenolikoa dauka, eta parametro bi horiek modu naturalean orekatzea ahalbidetzen du, eta, gainera, gracianoak ez bezala, jatorri izenosoan ederki egokitzeko aukerekin».

Sancharen Ad Libitum aparte utziz, Viña Ijalbarako hark egiten duen ardoa, Martinez Alesancorena eta Conde de Valdemarrek egiten dituzten maturana ardoak azpimarratu nahi nituzke, denak baitira apartak, bitxiak eta interesgarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.