UHINETATIK TIRAKA

Jostailua airean

Xabier Lasa.
2005eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
LEKUONA ZENDUA: Definitua utzi ziguten atzo Berrian berarekin harremanetan egon zirenek euskal irratigile historiko hau. Entzule soil eta ez oso zaharrontzat, baina, murritza izan da Lekuonaren ezagutza. Irudipena dut langilea, diziplinatua eta diskretua izan zela; askatasunez lan egiten uzten zekiena, atzo Mujikak eta Ferrerek azaldu bezala. Figura abstraktutik bazuen, dena den; esatariei sinetsi behar zuzendari zela ziurtatzen zigutenean. Mikroetatik urrun egon arren, izan genuen bere iritzia aditzeko okasiorik, tarteka, Ferreren irratsaioko agerpen laburrei esker. Seminariokumeen estiloa zuen: ahoskera pausatu batez, esate guztiari urruneko oihartzuna eta kutsu transzendentala itsasten dion hori. Mamian, aita Arruperen dizipulua izaki, txiroekiko justizia soziala eta fedea nola uztartu praktikan zuen obsesio. Askapen teologiarekiko hurbiltasuna sumatu zitzaion bere diskurtsoari beti.

ENTZULE AZKARRA: A-380 hegazkin berria aireratu zuten asteazkenean. Hara egileen meriturik begi bistakoena: marketin mediatiko mundiala lortzea. Konta ezin ahala komunikabide bildu zen Tolosa-Blagnaceko aireportura; EItik ere bidali zuten berriemailea. Zuzeneko konexioetan, hegazkinaren mirari lurtar eta zerutiarrak azaldu zizkiguten; jabeek nahi zituztenak, alegia. Diseinu hipermodernoa, inondik ere, eurozentrismoa aldarrikatzeko. Asteazkenero, 11:00 aurretik, EIn iritzia emateko tartean, Arantxak hots egin zuen: «Datu pare bat ematea besterik ez zaizue falta: zenbat erregai behar duen eta zenbat kontsumitzen duen».

JOSTAILU HAUTSIA: Aspeko gerenteak esana: «Hobe da hitz-murritz izatea; orain Goñi gizakia sendatzeak du lehentasuna». Mezu horri eutsi diote ia isilean geratzeko. Haritz eroriari orok egur ematea eta hausnarketa bultzatzea nahastu dute. Azken horren premian gara jostailuzko idolo sortzaile izan garenok. Negozio oparoa ikusi zuten enpresaburuek; audientzia igo arren, ostiralero telebistaratu zuen ETBk, animalia mediatiko bihurtu zuten, seme kutuntzat hartu eta laineza eman genion gehienok...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.