santi leone
Maratila

Maisuak

2012ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Jose Antonio Sanchez Sanchez-Villares Nafarroako Fiskal Nagusi berriak ez du uste herritarrak babesgabe daudenik bankuen aitzinean. Hala adierazi zien berriki kazetariei. «Ez dut irudipen hori». Are gehiago, bankuak, «legea eskuan eta zuzen jokatuz», indarrean dagoen araudia erabiltzen ari dira.

Fiskal berriak egin zezakeen galde bankuek eskuan duten lege hori nork egin zuen, noren alde edota noren presiopean. Baina positibismo juridikoak hori du ona: egin beharreko galdera kopurua franko mugatzen du, eta hori biziki eskertzekoa da murrizketa tenore honetan. Eta galdemodurik egiten ez duena herri-salataria baldin bada, are eskertzekoagoa. Sanchez Sanchez-Villaresek dagoeneko iragarri du «bere aburuz» ez direla politikariak edo bankariak epaitzeko nahitaezko baldintzak betetzen.

«'Norberak bere ikuspuntua du', dio / hilean 2.700 euro jasotzen duenak» idatzi du Hedoi Etxartek bere azken poema liburuan. Eta gai honetaz dagoen iritzi pluraltasuna azpimarratze aldera (tira, eta gauzak testuinguruan kokatze aldera), nik nabarmenduko nuke Jose Antonio Sanchez Sanchez-Villares jaun txit gorenaren hitzak Amaia Egañaren suizidioaren ondorengoak direla. Fiskalaren prestakuntza sendoaren faltan, legeari buruz bertzelako ikuspuntua omen zuen Egañak.

«Sufrimenduari buruz, ez zuten behin ere hutsik egiten antzinako maisuek», idatzi zuen bertze poeta batek, W. H. Audenek: «lagun bat oinazetan dagoen bitartean, bertze batek bere zereginetan segitzen du, hari soraio».

Gaurko maisuen poesiak, Etxarterenak zein Audenenak, ederki argitzen ditu batzuen ikuspuntu axolagabeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.