gorka julio
Komunikazioa. Irlen sarea

Ud4kamp gertu

2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Uztailaren 27, 28 eta 29an Gernikan izango diren topaketa teknopolitikoen izena da. Hasiera batean Bermeon kanpaldi moduko bat izan behar bazuen ere, Gernikako gaztetxea izango da topaketa horien etxea. Lo egiteko, jateko, eztabaidatzeko, ikasteko aukera egongo da, dena giro onean. Informazioa eta izena ematea http://udakamp.hackinbadakigu.net/ helbidean.

Era horretako topaketak nahiz eta baliabide gutxirekin egin —edo beharbada horregatik— oso interesgarriak izan ohi dira. Normalean arduradun batzuk egon ohi dira, eta antolaketaren lan gehienak aurrera eramaten dituzte. Eguna iristen denean, berriz, parte hartzen duen jendea antolakuntzaren parte bihurtzen da. Hau da, ekitaldiarekiko konpromisoa ez da bisitari batena; besteen jarduna ikusita, zure gain lan batzuk hartzera bultzatzen zaituen fenomeno moduko bat gertatu ohi da.

Ekitaldiaren formatua Chaos Communication Camp (http://events.ccc.de/camp/2011/) lau urtetik behin izaten den hacker bilkuraren antzekoa izan behar zuen. Azkenean, hackmeeting antzeko bilera baten forma hartuko du. Aurretik ere Euskal Herrian hackmeeting bilkurak egin izan dira Leioan (2001), Iruñean (2003) eta Gernikan (2007). Beharbada, Ud4kamp Astra gaztetxean egindako horren oinordeko zuzena. Harrigarria egiten zaio jende askori hacker munduak egituratzeko duen gaitasuna. Niri harrigarriagoa egiten zait oraindik beste batzuek nola ez duten behar hori sentitzen.Non daude beste sortzaile taldeak? Zein dira haien foroak? Noiz ikusiko ditugu taldeak sarearen bidez ere lanean eta beren lanak komunikatzen? Baliabide teknologikoen bidez ere egituratzen hastea fisikoki egotea bezain garrantzitsua da kasu gehienetan.

Batzuek fisikoa birtualaren aurretik jartzen dute aitzakia moduan, baina jada zatiketa hori egitea antzua da. Elkarrekin egoteko gogoa komunitatea benetan existitzen denean izaten da, eta hori milaka eztabaida, e-mail truke, iruzkin, mezu, dei, kafe... ondoren gertatzen da. Momentu horretatik aurrera, fisikoki elkartzea behar gozo bat bihurtzen da. Bizi gaitezke, noski, pertsona horiek guztiak batera eta fisikoki ikusi gabe. Baita horiekin lan eta eztabaidatzen jarraitu ere, baina era horretako egunetan beste zerbait sortzen da. Ezin dizuet adierazi, bizi behar duzue; baliatu aukera gertu duzue eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.