•Enarak. Egia dena da, enarak ez duela guretzat alderdi onik baizik. Euli eta ulitxa janez bizi da; ber azkurria die ematen bere kumeer. Eta udaburu batetarik bertzera, gizonaren etsai horietarik zenbat ez ote du atzematen, bai beretzat bai bere kumeentzat. Goizetik arrats, beti alha da, eperik gabe, gose gorriak balerabil bezala. Nor ez da ohartu kumeak, bere iduri, ezin aseak dituela, mokoa beti zabalik, gauza eske?
Bertze ororen gainera hau du ona enarak, deusetan ere ez baitio nehori kalterik egiten.
•Suge pozoidunak.
-Erradazu, beraz, suge gaixtoek non duten pozoia eta nola ematen duten. Hori jakin nahia dago.
-Bada zeren. Beha zakizkit beraz ongi, eta har xuxen ene erranak. Suge pozoidunek badituz aho gainean, erditsutan bezala, eta bi aldeetarik, bi hortz bertzeak baino luzeagoak, zorrotzak eta azkarrak. Bi hortz horiek, ganibetaren burdina hetsia denean bere giderrean dagoen bezala, etzanik daude, aitzinetik gibelerat, matel-hezurreko ozka edo ohantze batean. Beti xutik baleude bertzeak bezala, sugeak ahoa hesten duen aldi oroz, min har lezake, ahogainaz ahopea zaurtuz. Baina, hona non sugeak ausiki nahi duen bezain laster, bi hortz horiek xutitzen zaizkion, beren erroen gainean balira bezain azkar.
•Satorra. Nola atzeman satorra? Lana franko hor. Hala ere, egin daitekeen gauza da, baldin ongi ezagutzen badira zein diren satorraren arak, nola dabilen lurpean, eta noiz edo nola den ari bere lanean.
Dezagun lehenik gauza har gogoan. Satorrak badu bere ohantzea eta baditu bere lanbideak. Ohantze hori, edo hesi, edo arbola-erro, edo harresi zenbaiten azpian da, aterpean eta bi edo hirur zehe barna lurrean. Ohantze horretarik gain beheiti baditu satorrak urbideak, ezen ez du bustian egotea laket. Baditu ere satorrak ohantze hartarik alde orotarat ibilbideak, etsai zenbait heltzen zaionean ihesari emateko, harat edo honat, beharraren arabera.
•Sagarroia. Orok ezagutzen duzue ihizi hori, ikustez bederen. Badakizue nola kopetaren erditik, bi begien artetik eta buztaneraino sagarroiak, bai bizkarra, bai saihetsak, elorriak baino zorrotzagoko ile azkar batzuez estaliak dituen; buru aitzina, aldiz, kolkoa eta sabelpea ile xehe eta ezti batez. Buruz iduri du xerria; ahoan, bai gainean bai azpian baditu, batzu bertzeekin gurutzatzen diren hortz zorrotz eta azkar lerro bat, aztaparrak ere xorrotzak ditu, baina, ez orobat azkarrak.
Animaliak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu