DNA azterketa gehiagorekin berretsi edo baztertu beharko den hipotesia plazaratu du Juan Luis Arsuagak (Madril, 1954) hainbat zientzialarirekin batera. Atapuercako lan erreferentzialei esker sobera ezaguna den paleontologoak honako hipotesi hau proposatu du: neanderthalak ia galdurik ziren gizaki modernoa Europara iristerako. Eboluzioaaztertzeko beste ikuspuntu bat eskaintzen du aukera horrek.
Espainiako iparraldeko zenbait fosil aipatu dira aztergai izan den DNAri erreparatzean. Nongoak dira?
Aurretik dekodetutako DNA sekuentzia batzuk bagenituen, El Sidronekoak adibidez, Kantabrian. Orain, berriz, Valdegobako (Burgos) fosil bat dekodetu dugu, masailezur bat. Horri esker, 300 bikote baseko DNA mitokondrial segmentuak lortu ditugu; ez dago batere gaizki, fosilaren DNA osohondaturik baitzegoen. Masailezurraren analisi genetikoa, aurretik ezagutzen zirenekin alderatu dugu.
Zein da emaitza?
Orain plazaratu dugun hipotesia da: neanderthalak galtzeko bidean zeudela orain 50.000 urte inguru. Valdegoba eta El Sidronen artean ez daude kilometro asko lerro zuzen batean; alegia, gertu daudela esan daiteke. Haatik, genetikoki oso urrun daude, gure azterketak emandako DNA segmentuak aintzat hartuta. Badakit DNA mitokondriala dela, ez dela nuklearra, baita segmentu batzuk direla ere; alegia, badakit muga batzuk badituela honek.
Horrek erakutsiko luke gertu dauden lekuetan bizi izan ziren neanderthal banako batzuk oso desberdinak zirela genetikoki. Eta zer gehiago?
El Sidroneko banako bi, Feldhoferreko bi (Alemania) eta Vindijako bi (Kroazia); hiru neanderthal bikote aztertuz gero, hirurak leku desberdinekoak, ikusten dugu ia ez dagoela desberdintasun genetikorik. Antzekotasun genetikoa oso handia da, nahiz eta hain urrun egon fosil batzuk besteetatik. Islandian egon daitekeenaren parekoa-edo izan daiteke; kontuan hartu uharte hori IX. mendean populatu zutela bikingoek. Erraza da irudikatzea zein desberdintasun genetiko gutxi dagoen han.
Beraz, zenbat eta antzinatasun handiagoa izan fosilak, orduan eta aniztasun genetiko handiagoa dago?
Hori erakusten digu hala Burgosko Valdegobako masailezurrak nola Europako beste hainbat fosilek. Aniztasun genetikoaren galera Europako mendebaldean antzeman dugu, ez Asian. Botila lepoa esaten diogu gertaera horri.
Zergatik gertatu zen aniztasun genetikoaren galera handi hori?
Arrazoi klimatikoak egon zirela uste dugu; Neanderthalek krisi handi bat izan zuten, eta galtzear egon ziren. Gero, ordea, Europa birpopulatzeko gai izan ziren, Kroazia, Alemania eta Kantabriako fosilek erakusten duten moduan. Poloetako frontea asko jaitsi zen epe batez, itsasoko bankisa ere bai, eta izotzak lurralde eremu handia hartu zuen mendebaldeko Europan, pare bat alditan, gainera, duela 60.000-50.000 urte. Krisi labur baina gogor horietan, neanderthalek triskantza handia pairatu zutela uste dugu; hipotesi gisa esaten dugu.
Populazioaren kopuru handi bat galdu zen, eta aniztasun genetikoa galdu zen, era berean;birpopulazioaren aniztasun genetiko urriak horixe erakutsiko luke, orduan?
Datu horiei esker —eta nik argi defendatzen ditut—esan dezakegu neanderthalak ez zeudela urrezko garaian gizaki modernoa Europara heldu zenerako, duela 40.000 urte inguru; garai hori atzean utzita zuen espezie horrek aspaldian; banako ugari eta aniztasun genetiko ugari galdua zuen.
Eta hortik abiatuta, zer ekarpen berri egin daiteke eboluzioari begira?
Urrutirago joan nahi badugu, inork esan dezake beharbada gizaki modernoa ez zela lehenago Europara iritsi neanderthalak irmo zeudelako, asko zirelako, eta, iritsi zenean, neanderthal ahuldurik zegoelako iritsi zela, gutxi zirelako. Baina hori guztia espekulatzea da. Guk ematen dugun datu objektiboa da, neanderthalen aniztasun genetikoaren galera bat egon zela, eta itxura batean klimaren krisi batek eragin zuela duela 50.000 urte inguru.
Nola berrets edo bazter daiteke hipotesi hori?
Azterketa genetiko gehiagorekin. Luze joan ala ez, halako batean orain 35.000-40.000 urteko neanderthal banakoren baten DNA sekuentzia lortuko da inon, eta El Sidron, Vindija eta Feldhoferrekoen ezaugarriak baditu, berretsi egingo da. Kontrakoa ere gerta daiteke… Baina teoria honek oinarri zientifiko handia daukala uste dut nik. Askotariko diziplinetako aldagai batzuk badira teoria hau sustengatzeko; adibidez, arkeologoek diote, azken neanderthal banakoen errepertorio teknologikoa urriagoa zela, antzinagokoen trebeziarekin alderatuta. Edonola ere, hipotesi zientifiko bat plazaratu dugu, frogatu daitekeena; hau ez da sekula frogatzerik izango ez den proposamen arin bat.
Juan Luis Arsuaga. Paleontologoa
«Aniztasun genetikoaren galera antzeman dugu neanderthalen artean»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu